La Cumbre eskualdatzeko «blokeo» instituzionala salatu dute eragile memorialistek

Eragileek salatu dute Donostiako Udalak ez dituela lagapen prozesua gauzatzeko urratsak egin, otsailean dokumentazio eskaera bat jaso bazuen ere. Udalari eta Espainiako Gobernuari «gardentasuna» eta «bizkortasuna» exijitu dizkiete.

Eragile memorialistek egindako agerraldia, gaur goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eragile memorialistek egindako agerraldia, gaur goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2026ko irailaren 25a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Memoria Demokratikorako Legea 2022ko urrian argitaratu zen estatuko aldizkari ofizialean, eta zera zioen haren hemezortzigarren xedapen gehigarriak: «Legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, La Cumbre jauregia Donostiako Udalari lagatzeko hitzarmen bat sustatuko da». Haren xedea, jauregia estatuaren biktimak oroitzeko memoria zentro bihurtzea. Laster beteko dira hiru urte epe hura iraungi zenetik, baina oraindik Madrilen esku jarraitzen dute, besteak beste, Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatzeko baliatu zuten eraikinak eta haren inguruko lurrek. Atzerapena «onartezina» da, haren bueltan lanean ari diren eragile memorialisten esanetan, eta horren arrazoiak ere argi dituzte: Espainiako Gobernuaren eta Donostiako Udalaren «borondate politiko» eta «ekimen» falta.

Hain zuzen, ekimen falta horren adibide baten berri eman du Egiari Zor-eko eledun Pilar Garaialdek, Aranzadi, Argituz eta Berridatzi elkarteetako ordezkariekin, Mikel Zabalza herri plataformakoekin, eta Lasa eta Zabala familiekin batera Donostiako Aiete Jauregia hotelean egindako agerraldian; La Cumbretik 500 metro eskasera. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak dokumentu bat helarazi zion otsailean Donostiako Udalari, lagapen prozesuak jarraitzeko dokumentazio eskaera bat eginez. Baina, lau hilabete geroago, eta «udalaz bestelako bideetatik», jakin zuten hari oraindik ez ziotela erantzunik eman; gehitu du uztaileko udalbatzan ere hala baieztatu zela.

Hala, eragile memorialistek udalari egotzi diote auziaren berri ez ematea ez eurei, ezta udaleko talde politikoei ere. «Nahiz eta espresuki konpromisoa hartu zuten edozein berritasunen berri emateko», esan du Garaialdek. Kexa, baina, ez da horra mugatzen. Izan ere, Garaialdek adierazi du dokumentazio eskaera hura otsailean iritsi izana bera orain arteko atzerapenaren seinale dela: «Dokumentua aurtengo otsailean iritsi baldin bada, esan nahi du denek izan dituztela atzerapenak». Bestela esanda, ez da atzerapen «puntual» bat, jokabide «sistematiko» bat baizik, eta horregatik prozesuan esku hartu duten instituzio taldea jarri dute jomugan: Espainiako Gobernua eta haren parte diren EAEko ordezkaritza eta Memoria Demokratikorako Idazkaritza aipatu ditu batetik, eta Donostiako Udala bestetik.

Horregatik, aurrera begirako eskaerak ere denei zuzendu dizkiete. «Jardunik eza eta gardentasun falta alde batera utzi» eta «gardentasuna» eta «bizkortasuna» exijitu dizkiete, eskualdaketa lehenbailehen gauzatu dadin. Ez dute onartuko etorkizunean gerta daitezkeen aldaketa politikoei egoztea La Cumbre ez eskualdatu izana: «Legea betearazteko ardura izanik, erantzule izango dira jardunik abiarazi ez dutenak eta atzerapen burokratikoan eta prozesu baten blokeoan aritu direnak».

La Cumbre, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
La Cumbre, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Garaialderen hitzetan, estatuaren indarkeriaren biktimentzako «duintasun, aitorpen eta erreparazio lekua» izan behar du La Cumbrek, eta gogoratu du legeak zehazten duela «oroimen politikak berdintasunaren, giza eskubideen defentsaren, pluralismo politikoaren eta bizikidetzaren printzipioetan» oinarritu behar direla. Eta horrek eskatzen du «herrialde proiektu» bat ere izatea. Eragile memorialisten ustez, hori bera ondorioztatu daiteke Donostiako Udalean bertan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan auziaren nondik norakoak aztertzean jaso zituzten erantzunetatik ere, baita Eusko Jaurlaritzarekin eta udal gobernuarekin izandako elkarrizketetatik ere: «Une oro helarazi digute proiektuarekiko konpromisoa». Errealitatea, baina, bestelakoa dela iritzi diote. «Adostasun politikoa ez da aurrerapen bihurtu; legearen alde egin zuten arren, legea betearazteko beharrezkoa egin ez duten erakunde batzuen borondate politikorik ezaren ondorioz», salatu dute segidan, eta gaineratu «porroterako» bidea hartzeko arriskua dagoela.

Hain zuzen, horregatik, kezka azaldu dute ez aurrera ez atzera ibiltze horrek sortzen duen «etsipenagatik», eta estatuaren biktimak ekarri ditu gogora: «Ikusten dute oraindik ere bigarren mailako biktima gisa tratatuak direla».

La Cumbre eta Ezkaba

Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak Espainiako Gorteetan egindako bideari erreparatu behar zaio La Cumbre eskualdatzeko prozesuaren hastapenetara heltzeko. Negoziazio haietan, EH Bilduk Espainiako Gobernuko alderdiekin —PSOE eta Unidas Podemos— adostu zuen Ezkabako gotorlekua eta Donostiako jauregia «memoria demokratikoa berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko» gune bilakatzea. Hala, legean idatzita ageri da Ezkabako espetxe zaharra «memoria gune» bilakatzeko eta La Cumbre Donostiako Udalaren esku uztea «sustatzeko» urtebeteko epea. Ezkabaren kasuan, Nafarroako Gobernua Madrilekin harremanetan jarri zen, koalizio subiranistak Maria Txibiteren gobernuarekin egindako akordio bat tarteko; urtarril honetan jaso zuen izendapen ofiziala San Kristobalgo gotorlekuak. 

La Cumbren, baina, egoera bestelakoa izan da. Orduko alkate Eneko Goia proiektuarekin kritiko azaldu zen, baina, azkenik, legea martxan jarri eta zortzi hilabetera egin zuen lehen urratsa, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzarekin harremanetan jarrita —orduan, Denis Itxaso zen—. Gerora, 2024ko udan jakinarazi zuten Donostiak Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari helarazi ziola memoria demokratikorako gune bihurtzeko prestatzen ari den proposamenaren zirriborroa. Tartean, ika-mika ugari egon dira udal gobernuaren eta EH Bilduren artean, egin beharreko urratsei dagokienez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA