EH Bilduren Gipuzkoako Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatu du ahaldun nagusirako hautagai izateko

Zuzendaritzak asmoa du azken lau urteotan «Iriarteren gidaritzapean egindako lan sendoari» segida emateko.

Maddalen Iriarte, EH Bilduren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. Artxiboko irudi bat da. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maddalen Iriarte, EH Bilduren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. Artxiboko irudi bat da. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 4a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduren Gipuzkoako Mahai Politikoak Maddalen Iriarte Okiñena (Donostia, 1963) proposatu du herrialdeko ahaldun nagusirako hautagai izateko. Zuzendaritzak uste du Iriarte Okiñena dela «ezkerreko subiranismoaren proiektua ordezkatzeko pertsonarik egokiena», 2027ko maiatzaren 23an eginen diren foru hauteskundeei begira.

Hainbat motibo aletu ditu Gipuzkoako Mahai Politikoak, Iriarteren hautagaitzaren alde egiteko: «Besteak beste, 2023an bera ahaldungai zela, hauteskundeak irabazi zituen EH Bilduk Gipuzkoan». Horrez gain, «azken lau urteotan Iriarteren gidaritzapean egindako lan sendoari» segida emateko asmoa agertu du Mahai Politikoak.

2023ko foru bozetan, 22 eserlelu lortu zituen koalizioak, Batzar Nagusietan, aurrekoetan baino 5 gehiago, eta 5 batzarkideren aldea urratu zuen EAJrekiko, hark 17 atera baitzituen, 3 galdu ondoren. Hala ere, EAJ eta PSE-EE gobernatzen ari dira lurraldea, koalizio horrek PPren boto erabakigarria eskuratu baitzuen foru exekutibo hura abiarazteko.

«Duen izateko eragatik, oso ongi ezagutzen du Iriartek herrialdea, eta ongi konektatzen du bertako eragileekin. EH Bilduren proiektua Gipuzkoaren etorkizuna eta oparotasuna ez ezik, bertan bizi eta lan egiten duten herritarren ongizatea ere bermatzen jarraitzeko anbizioa duen proiektua da, herritarren behar eta kezkei erantzuteko proiektua EH Bildurena da. Eta Maddalen Iriarte da proiektu hori Gipuzkoan gidatzeko bermea», adierazi dute koalizio subiranistako arduradunek, oharrean.

Herenegun, EH Bilduren zuzendaritzak Laura Aznal proposatu zuen Nafarroako Gobernuko lehendakarigai izateko. Orduko hartan, koalizio abertzaleak azaldu zuen «erronkak ugaritzen» ari direla egungo testuinguru konplexuan, eta «Nafarroan aurrera egitea baimendu duten gehiengoak» indartzeko, sendotzeko eta elkarlanean sakontzeko garaia dela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA