EH Bilduren Gipuzkoako Mahai Politikoak Maddalen Iriarte Okiñena (Donostia, 1963) proposatu du herrialdeko ahaldun nagusirako hautagai izateko. Zuzendaritzak uste du Iriarte Okiñena dela «ezkerreko subiranismoaren proiektua ordezkatzeko pertsonarik egokiena», 2027ko maiatzaren 23an eginen diren foru hauteskundeei begira.
Hainbat motibo aletu ditu Gipuzkoako Mahai Politikoak, Iriarteren hautagaitzaren alde egiteko: «Besteak beste, 2023an bera ahaldungai zela, hauteskundeak irabazi zituen EH Bilduk Gipuzkoan». Horrez gain, «azken lau urteotan Iriarteren gidaritzapean egindako lan sendoari» segida emateko asmoa agertu du Mahai Politikoak.
«Duen izateko eragatik, oso ongi ezagutzen du Iriartek herrialdea, eta ongi konektatzen du bertako eragileekin. EH Bilduren proiektua Gipuzkoaren etorkizuna eta oparotasuna ez ezik, bertan bizi eta lan egiten duten herritarren ongizatea ere bermatzen jarraitzeko anbizioa duen proiektua da, herritarren behar eta kezkei erantzuteko proiektua EH Bildurena da. Eta Maddalen Iriarte da proiektu hori Gipuzkoan gidatzeko bermea», adierazi dute koalizio subiranistako arduradunek, oharrean.
Herenegun, EH Bilduren zuzendaritzak Laura Aznal proposatu zuen Nafarroako Gobernuko lehendakarigai izateko. Orduko hartan, koalizio abertzaleak azaldu zuen «erronkak ugaritzen» ari direla egungo testuinguru konplexuan, eta «Nafarroan aurrera egitea baimendu duten gehiengoak» indartzeko, sendotzeko eta elkarlanean sakontzeko garaia dela.