CAF zigortu dute, amiantoaren prebentzioan «arau hauste larri bat» egiteagatik

Jaurlaritzak CAFi ezarritako 196.746 euroko isuna berretsi du Donostiako auzitegi batek. 2023an Beasaingo lantegiko zenbait pabiloitan amiantoa atzeman zuten, eta enpresak ez zuen prebentzio neurri egokirik hartu zenbait langile lanera itzuli aurretik.

CAFeko langile batzordearen protesta bat Donostian, amiantoaren arriskua salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
CAFeko langile batzordearen protesta bat Donostian, amiantoaren arriskua salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 5a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

CAFi pilatzen ari zaizkio amiantoarekin lotutako gatazkak. Horietan azkena Donostiako Lehen Auzialdiko Epaitegiak atzo ebatzitako epaia da: Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzak Beasaingo enpresari ezarritako 196.746 euroko zigorra berretsi zuen, amiantoaren arriskuaren prebentzioan «arau hauste larri bat» egiteagatik.

Zigorra ezartzeko arrazoia 2023ko gertakari bat da: lantegiko zenbait pabiloitatik amiantoa kentzeko lanei ekin zien enpresak orduan, zementuzko hainbat plaketan mineral hori aurkitu ondoren. Auzitegiaren ebazpenaren arabera, lan horiek amaitu aurretik, amiantoa kendu zutela bermatu gabe eta aire kalitatearen neurketarik eduki gabe, zenbait behargin nabe horietara sartzea onartu zuen CAFek, eta mineral hori arnasteko arriskuan jarri.

Hortaz, ebazpenak dio CAFek arriskuen prebentzioan dituen betebeharrak urratu egin zituela, eta baliogabetu egin du enpresak lan ikuskaritzaren zigorrari jarritako helegitea.

Historia luzea

«Enpresak ez zuen amiantoaren aurkako prebentzio neurri egokirik bermatu, eta ehunka langileren osasuna arriskuan jarri zuen», adierazi du LAB sindikatuak zigorraren berri izan ostean. Sindikatuaren esanetan, amiantoa kentzeko lanak amaitzean, 300 langile inguru lanera itzuli ziren, pabiloien deskontaminazioa bermatuko zuten azken ikuskapenak eta neurketak egin gabe.

LABek exijitu dio CAFi ardurak bere gain hartu eta gertakariaren inguruko azalpen guztiak eman ditzala. Horrez gain, eskatu dio amiantoaren eraginpean egoteko arriskua izan duten langile guztiei «beharrezko informazioa, arreta eta jarraipena» bermatu diezaietela, etorkizunean gisa horretako gertakaririk berriro gertatu ez dadin. «Langileen osasuna eta segurtasuna ezin dira inoiz bigarren mailan geratu, are gutxiago enpresaren interes ekonomikoen mesedetan».

CAFen 2002tik debekatuta dago amiantoa erabiltzea, baina 1990eko hamarkadara arte han ekoitzitako trenetan isolatzaile gisa erabili ohi zuten. Beasaingo lantegiarekin loturik, 60 pertsona baino gehiago hil dira mineral hori arnasteak eragindako gaixotasunengatik: beharginak gehienak, baina baita haien bikotekideak ere.

Hain zuzen, aurreko astean Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak jakinarazi zuen 2024an hildako CAFeko behargin ohi baten familiak 206.492 euro eskatu dizkiola enpresari kalte ordain gisa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA