Familia bat etxegabetze arriskuan dago Donostiako Amara Berri auzoan, eta bi adin txikiko ere badira tartean. Gaurko ezarria zuten etxegabetze agindua, baina behin-behinean gelditzea lortu dute, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. «Familia hau etxean geldituko da gaur hemen elkartu garen guztiongatik, ez instituzioengatik», adierazi dute sindikatuko kideek.
Etxebizitza sindikatuak erran duenez, epaitegiek ofiziozko abokatua ezarri diote familiari, baina ez dute prozeduraren inguruko berririk izan, eta atzo izan zuten gaurko etxegabetze aginduaren berri. Bada, gaur goizeko zazpietatik zegoen Ertzaintza etxe atarian, segizio judiziala iristeko zain. Polizia lerroaren aitzinean, baina, dozenaka lagun bildu dira, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta.
09:30ean iristekoa zen segizio judiziala, eta, bien bitartean, familia etxe barrenean zegoen, sindikatuko hainbat kiderekin batera. Eraikinaren atarian, berriz, dozenaka gazte bildu dira, «etxegabetzeak gelditu!» oihuka. 08:50 aldera jakinarazi dute bertan behera gelditu dela etxegabetzea, gaurkoz bederen.
Sindikatuak salatu du etxegabetzea gelditzeko prozeduran «oztopoak» bertzerik ez dutela izan. Izan ere, ofiziozko abokatua ez zen familiarekin harremanetan jarri, eta, ondorioz, familiak ez zuen prozesu judizialaren ezaugarrien berri, eta galdu egin ditu alternatiba bat eskuratzeko baliabideak. Ez hori bakarrik: familiako kideek ez dakite ez euskaraz ez gaztelaniaz, eta horren ondorioz ez dute izan beren eskubideak defendatzeko aukerarik. «Burokrazia, finean, sektorerik zaurgarrienak pobreziara kondenatzeko egituratuta dago», salatu du sindikatuak.
Halaber, salatu dute migranteen sektore zaurgarrienek etengabe egiten dutela topo higiezin arloko zein instituzioetako «neurri arrazista eta klasistekin». «Familia honek bezala gizarte zerbitzuetara zein oro har hirugarren sektore sozialeko baliabideetara jo behar dutenen kopurua handituz doa. Bitartean, etxebizitzaren garestitzeak gero eta gehiago pobretzen du langile klasea. Pobretze horri aurre egiteko, ordea, instituzio publikoen egiturazko baliabide falta dago», adierazi dute.
Hauteskunde interesak
Donostiako Udala ere seinalatu du sindikatuak, eta «hauteskunde interesen arabera» jokatzen duela salatu: «Etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa den bitartean, Jon Insausti eta Donostiako Udala esaten ari dira Donostian ez dela etxegabetzerik egingo alternatibarik eman gabe». Sindikatuaren irudiko, baina, errealitatea bertzelakoa da, eta etxegabetze bati aurre egiteko gaitasuna «antolakuntzaren eta borrokaren bitartez» soilik bermatu daiteke.
Gogoratu dute guztiendako etxebizitza bermatzeko modu bakarra espekulazioa amaitzea dela, eta, horretarako, antolakuntzara batzera dei egin dute. «Etxebizitzarekin arazoak dituenak zein borrokara batu nahi duenak irekiak ditu sindikatuan ateak», erran dute. Eta gaur 18:00etan Ferrerias Plazan bilkura irekia eginen dutela gogoratu dute.