Donostiako Karmengo jaietan jasandako «jazarpen poliziala» salatu dute dozenaka herritarrek

Donostiako kaiko bizilagunek eta Karmengo besta batzordeak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian.

Donostiako Karmengo jaietan Ertzaintzak izandako jarrera salatzeko elkarretaratzea egin dute, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Karmengo jaietan Ertzaintzak izandako jarrera salatzeko elkarretaratzea egin dute, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko uztailaren 25a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den asteartean Donostiako Karmengo jai batzordeak salatu zuen igande gauean «jazarpen poliziala» jasan zutela: «Ertzaintza korrika, oldarkor eta erasokor sartu zen jai gunera». Horren harira, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Donostiako kaiko bizilagunek eta Karmengo jai batzordeak. Esplikatu dutenez, Polizia besta eremura sartu zenerako itxia zen, baina hainbat kide barruan ziren oraindik. «Gune horretatik kanpo izandako gertakari batzuen harira etorri ziren».

Batzordeko kide Ander Muruak BERRIAri esplikatu zionez, gazte batzuen gibeletik ailegatu zen Ertzaintza besta eremura. Bertatik ateratzeko eskatu zieten arren, ez zieten kasurik egin; are, poliziek «kolpeka, mehatxuka, eta oso modu oldarkorrean» erantzun zieten, eta txosnara bueltatzeko agindu: «'Zuek ere ez baduzue kolperik hartu nahi, sartu barrura', eta halakoak esan zizkiguten». Ertzainek auzotar andana zauritu zuten, eta horietatik lau larrialdietara eraman behar izan zituzten; gainera, lagun bat atxilotu zuten, eta bertze hainbat identifikatu. «Oraindik zer egotziko dieten zain gaude».

Batzordeko kideek gogoratu dute besta eremu «segurua, askea eta osasuntsua» egiteko saiakera egiten dutela, baina Ertzaintzak hori guztia «hankaz gora» jarri zuela, eta gunea «bortxaz eta indarkeriaz hartu». Halere, beraiek orain arteko besta ereduaren alde eginen dutela berretsi dute. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA