Donostiako Karmengo jaietan jasandako «jazarpen poliziala» salatu du besta batzordeak

Lau gazte larrialdietara eraman zituzten, eta bertze hainbat «kolpe handiekin» etxeratu ziren. Igande arratsean egin zien eraso Ertzaintzak; besta eremua itxia zegoen ordurako.

Ertzaintzak igande arratsean zauritutako kide bat. KARMENGO JAI BATZORDEA
Ertzaintzak igande arratsean zauritutako kide bat. KARMENGO JAI BATZORDEA
Iratxe Muxika
2026ko uztailaren 21a
15:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan dira Donostiako Karmengo jaiak, baina ez, zehazki, esperotako moduan: Karmengo jai batzordeak igande arratsean jasandako «jazarpen poliziala» salatu du, argudiatuta Ertzaintza «korrika, oldarkor eta erasokor» sartu zela besta gunera. Ordurako itxia zen eremua, baina hainbat kide lanean ziren oraindik, eremua ongi ixten. «Gune horretatik kanpo izandako gertakari batzuen harira etorri ziren», esplikatu du jai batzordeak, prentsa ohar baten bidez.

Izan ere, Karmengo besta gunean «giro sanoa» zegoen, baina egoera bertzelakoa zen txosnagunetik kanpo. Batzordeko kidea da Ander Murua, eta esplikatu du gazte batzuen gibeletik ailegatu zela Ertzaintza besta eremura. «Konturatu ginenerako liskarra hasia zegoen, eta gazteak jipoitzen hasi ziren».

Berehala joan ziren batzordeko kide batzuk ertzainengana, «giroa apaldu nahian», eta, haien burua identifikatu ondotik, jai eremutik ateratzea galdegin zieten. Ez zuen funtzionatu: «Ertzaintzak kolpeka, mehatxuka, eta oso modu oldarkorrean erantzun zuen». Ez zuten elkarrizketarako aukerarik eduki, eta txosnara bueltatzeko agindu zieten. «'Zuek ere ez baduzue kolperik jaso nahi, sartu barrura', eta halakoak esan zizkiguten», kontatu du Muruak.

Baina jaso zuten kolperik. Auzotar andana zauritu zuten ertzainek; are, horietatik lau larrialdietara eraman behar izan zituzten, «kolpe handiak» zeuzkatelako. Baina ez hori bakarrik: ertzainek lagun bat atxilo hartu zuten, eta bertze hainbat identifikatu zituzten. Sei gazte izkina batera eraman zituzten, eta paretaren kontra jarri. Gero, miatu eta identifikatu. «Oraindik zer egotziko dieten zain gaude», erran du jai batzordeak oharrean. Baina espero dezakete zerbait: «Isunak eta salaketak, adibidez». Edonola ere, zaurituen eta kaltetuen errekuperazioari emanen diote lehentasuna orain, eta hurrengo urratsak haiek markatuko dituzte. «Orain haiek erabakitakoa babestea dagokigu, eta horrela zehaztuko dugu zer erabaki hartu».

Ertzaintza eta inpunitatea

Igandekoa «inpunitate osoz jokatzen duen poliziaren jazarpen baten beste adibide bat» izan dela iritzi diote batzordeko kideek, eta, hortaz, ez dute uste barne ikerketarik abiatuko denik. «Guri, baina, isunak eta salaketak iritsiko zaizkigula uste dugu». Batzordeko zazpi kide inguru zeuden txosnan erasoaldia gertatu zenean, baina ez ziren bakarrak; auzoko bertze gazte batzuk eta inguruan zebiltzan bertze hainbat lagun zeuden erasoen bueltan.

Istilu horiek gertatu zirenean, gainera, adingabe batzuk zeuden tartean, eta, bidenabar, haien gurasoei deitzeko eskubidea «ukatu» egin zietela salatu du Karmengo jai batzordeak. «Adingabe bati eskuburdinak jarri zizkioten, eta kotxean sartu zuten. Azeleragailua sakatzen hasi ziren jarraian, gaztea beldurtu nahian. Tarte horretan guztian ez zioten gurasoei deitzen utzi», erran du Muruak. Batzordeko kideei ere ez zioten azalpenik emateko aukerarik eman, ezta «gutxieneko elkarrizketa bat» edukitzeko aukerarik ere. 

«Jai batzordeak jai gunea gune seguru, aske eta osasuntsua izateko saiakera egiten du etengabe, auzotarron lan boluntarioari esker», azpimarratu du batzordeak. «Baina igandean Ertzaintzak hori guztia hankaz gora jarri, eta bortxaz eta indarkeriaz hartu zuen gunea». Jazarpen poliziala «irmoki» salatzeaz gain, ohartarazi du halako jarrerek ez dutela lekurik toki horretan. «Jaiak antolatzen eta gune seguruen alde lanean jarraituko dugu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA