Donostiako suhiltzaileek txartzat jo dute udalak 2027rako proposatutako aurrekontua

Adierazi dute Donostiako Udalaren aurrekontuak legea urratzen duela, eta Insausti «suhiltzaileei lapurtzen» ari zaiela. Langileek eskatu dute parkea handitzeko inbertsioak eranstea 2027ko aurrekontua behin betiko onartu baino lehen.

Donostiako suhiltzaileen kamioi bat, zenbait aldarri zeramatzala, 2025eko apirilean. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako suhiltzaileen kamioi bat, zenbait aldarri zeramatzala, 2025eko apirilean. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 29a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabi egun igaro dira Donostiako Udalak datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztu zuenetik, eta Donostiako suhiltzaileek salatu dute aurrekontu horrek ez dituela aseko haien beharrak. Hain justu, Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko langileek adierazi dute udalak 2027rako aurkeztu duen aurrekontuak «zero euro» esleitzen dizkiela inbertsio errealei, eta eragotzi egiten duela parkea handitzea eta azpiegiturak hobetzea.

Ohar batean egin dute salaketa. Nabarmendu dute aurrekontu horiek 2026an hasitako blokeoa luzatuko luketela, eta 2023ko egoera errepikatzen duela erabaki horrek. Izan ere, Donostiako Udalak 2024rako aurkeztutako aurrekontuak zeresana eman zuen, eta suhiltzaileak mobilizatu egin ziren, baliabide faltak zirela eta. Horren ondoren, 2023ko azaroaren 16an, garai hartako alkate Eneko Goiak bere gain hartu zuen hori hobetzeko konpromisoa, baina oraingo aurrekontu proiektua, suhiltzaileen arabera, konpromiso horretatik aldentzen da: «Hitzeman zuen Unesparen bidez bildutako diru sarrerek beti izango zutela helburu jakin bat, eta parkea handitzeko eta hobetzeko inbertsioetara bideratuko zirela».

Aseguru etxeen Unespa elkarteak ordaintzen die suhiltzaile zerbitzua duten administrazio publikoei, eta suhiltzaileen zerbitzuko inbertsioetarako erabiltzen da dirua. Baina Donostiako suhiltzaileei dagokienez, adierazi izan dute ez dutela inbertsioetarako aurrekonturik; alegia, udalak aseguru etxeen elkartearen dirua jasotzen badu ere, ez duela dirua suhiltzaileen zerbitzurako baliatzen.

Zerbitzu izoztua

Denbora luzez egon da bere hartan Donostiako suhiltzaile parkea. 2025eko uztailean, langileek salatu zuten 30 urte zeramatzatela langile kopuru berarekin, eta hori bai, hori aldatu da azken urteetan. Aurten, sei suhiltzaile gehiago sartu dira, eta datorren urterako beste sei gehitzea proposatu zuen Jon Insausti Donostiako alkateak aurrekontuak aurkeztu zituenean.

«Lantaldea handitu beharra dago, baina hori eta instalazioen handitzea ezin dira bereizi», diote orain suhiltzaileek. «Gaur egun ia ez dago leku erabilgarririk armairu berriak jartzeko, aldagelak handitzeko eta jaka handiak eta gainerako babes ekipoak behar bezala gordetzeko. Hamabi langile berriek toki egokia behar dute, arropa garbia eta kutsatuta egon daitekeena bereizteko, eta higiene, segurtasun eta antolakuntza baldintza egokiak bermatzeko», aldarrikatu dute.

Gogorarazi dute 2026ko aurrekontuek behar hori onartu zutela, eta udalak aurretik planifikatuta zeukala eskatzen duten hori. Baina gaineratu dute udalak parkea hobetzeko bost inbertsio partida «blokeatu» dituela jada: 408.000 euro guztira. Auzitara ere jo zuten suhiltzaileek, eta epaileak ebatzi zuen Unespari dagozkion diru sarrerak suhiltzaile parkera bideratu behar direla, zerbitzua handitzeko eta hobetzeko, esklusiboki eta osorik.

Hortaz, langileek eskatu dute parkea handitzeko 2026ko bost inbertsio partida horiek eranstea 2027ko aurrekontua behin betiko onartu baino lehen, eta epaiak ebatzitakoa betetzea. «Zerbitzua zabaltzea eta hobetzea ez da aukerakoa, baizik eta behar operatibo, prebentibo eta antolatzailea. Suhiltzaile eta herritarren segurtasuna ezin da jokoan jarri!».

Sektore zatitua

Ertz ugari ditu Gipuzkoako suhiltzaileen egoerak; zatituta dago sektorea. Donostiako suhiltzaileen zerbitzua Donostiako Udalak kudeatzen du, eta lurraldeko gainontzekoak, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gainera, aldundiak duela astebete iragarri zuen beste suhiltzaile parke bat eraikitzeko proiektua aurrera doala, Aritzetan, Usurbilen.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2018an onartu zuten Gipuzkoa Babestu 2020-2030 plana, eta bertan jaso zuten lurraldeko suhiltzaileen zerbitzua bateratzeko konpromisoa, Gipuzkoa osoko larrialdien ikuspegi integrala izateko. Horixe eskatzen dute Gipuzkoako suhiltzaileek, eta azken asteetan indar handiagoarekin.

Izan ere, abuztuaren 31n iraungi zen bi administrazioek zerbitzu hori elkarrekin kudeatzeko zuten hitzarmena, eta irailaren 4an, aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko ofizial guardiaburua, zeina Donostiako suhiltzaile etxean kokatutako postu zentralean lan egiten zuen, bere lanpostutik bota zuen Donostiako suhiltzaileen zerbitzuko zuzendariak, Donostiako suhiltzaileek bulego hori behar zutela argudiatuta.

Espero da administrazioek datorren astean emango dutela erabaki horren inguruko azalpen gehiago, baina suhiltzaileek zera eskatzen dute: Donostiako zerbitzuko suhiltzaileen etxean bi zerbitzuetarako zentral bateratua diseinatu, sortu eta eraikitzea, eta, bi zerbitzuak bateratzeko xedez, aurrerapausoak ematea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA