1979ko irailaren 1ean, Espainiako polizia batek tiroz hil zuen Iñaki Kijera, Donostian. 18 urte zituen, eta euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazio batean zegoen. Larunbatean, hil zutenetik 47 urte igaro direla eta, Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Kijeraren omenez, Parte Zaharreko Kanpandegi kalean. Ekitaldia 12:00etan izango da, kale horretan bertan.
Udalak adierazi duenez, «omenaldi xume bat» egingo dute. Ekitaldian parte hartuko dute Kijeraren senideek, Donostiako alkate Jon Insaustik eta udaleko taldeetako ordezkariek. Alkateak esan du larunbatean «ahalegin bat gehiago» egingo dutela Donostiak dituen «zauriak» ixteko: «Ez dira norbanakoen edo senideen zauriak; kolektiboak dira, eta uste dut denoi dagokigula horiek gogora ekartzea».
Larunbateko omenaldiarekin, 39 izango dira udalak herrian jarri dituen plakak. Azaldu dutenez, ekintza horiek duela bi legealdi bultzatutako ekinbide baten barruan daude: «Ekinbide hau garatzen jarraitzen dugu, gure hirian terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz hildako biktimen memoria eta ikusgaitasuna eremu publikoan berreskuratzeko».
Orain arte jarri dituzten 38 plaketatik, gehienak ETAren biktimen omenezkoak izan dira; zehazki, 30. Segurtasun indarrek hildako hiru pertsonari ipini dizkio plakak udalak: Joseba Barandiaran, Mikel Zabalza eta Rosa Zarrari.
Ekainean aitortza
Aurtengo ekainean, beste 62 pertsonarekin batera, Iñaki Kijera ere estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen Espainiako Gobernuak. Biktima horietatik, 31 euskal herritarrak ziren.
Kijeraz gain, Poliziak hildakoen artean zeuden Gladys del Estal, Felix Minguela eta Justo Lopez de Zubiria.