Donostiako Txomin Enea II eremuan laurehun etxebizitza inguru eraiki nahi dituzte, eta lehentasuna emango diote horiek babestuak eta eskuragarriak izateari. Proiektua egiteko, Martuteneko kartzelako eta haren inguruko lursailak erabiliko dituzte, baina lur horien jabetza ez du erakunde bakarrak, eta elkarren artean ados jartzeko bilera egin zuten atzo Jon Insausti Donostiako alkateak, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak eta Isabel Rodriguez Espainiako Etxebizitza ministroak. Han, udalak berretsi zuen bere jabetzako lursailak Jaurlaritzari lagako dizkiola. Martuteneko kartzelak betetzen zituen lurreko etxebizitzak, berriz, Gasteizko eta Madrilgo gobernuen menpeko sozietateek garatuko dituzte.
Kartzela eraisteko proiektu tekniko bat eman dio Itxasok Rodriguezi. Jaurlaritzaren Visesa sozietateak landu du hori, baina Espainiako Etxebizitza Ministerioaren menpeko Casa 47 enpresa publikoak eraitsiko du espetxea.
Landutako proiektuan, Aranzadi zientzia elkartearen ikerketa bat ere badago; izan ere, frankismoan eta trantsizioan Martuteneko kartzelan izan zen errepresioa aztertu du Aranzadik. Planteatu dute eraikinaren elementu arkitektoniko adierazgarriren bat uztea, edo bertan izandako errepresioa gogorarazteko plaka oroigarriren bat jartzea. Martxoan, zenbait erakunde memorialistak eskatu zuten espetxea memoria gune izendatzea.
Udalak Jaurlaritzari lagako dizkion lursailei dagokienez, horiek Txomin Enea II eremuaren azaleraren bi heren dira; gainerakoak, kartzela zenari dagozkionak, Espainiako Estatuarenak dira. Eusko Jaurlaritzaren arabera, lurren eskualdatzeak ahalbidetuko du Visesa eta Casa 47 enpresek batera lan egitea. «Sozietate publiko bakoitzak dagozkion partzelak eta aprobetxamenduak garatuko ditu, hirigintza tresnen eta egiten diren akordioen arabera», azaldu du gobernuak. Udalak beste urrats bat egingo du asteartean; izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrera eramango du birpartzelazio proiektua, bertan onartzeko.
14,5 milioi euro
Txomin Enea II eremua urbanizatzeak eta eraldatzeak 14,5 milioi euro inguruko kostua izango du. Dena den, kopuru hori alda daiteke; urbanizazio proiektua idaztean zehaztuko dute. Lurzorua prestatzearekin eta eraldatzearekin loturiko kopurua da, eta ez da sartzen etorkizuneko etxebizitzak eraikitzearen kostua.
Itxasok nabarmendu du atzo «egun handia» izan zela, eta Donostiak ezin zuela gehiago itxaron. Insausti, berriz, «pozik» dago lurrak birpartzelatzeko akordioa lortu dutelako, eta azpimarratu du Madrilen donostiarrei entzun dietela.