Donostiako Txomin Enea II eremuan laurehun etxebizitza inguru eraiki nahi dituzte, eta lehentasuna emango diote horiek babestuak eta eskuragarriak izateari. Proiektua egiteko Martuteneko kartzelako eta haren inguruko lursailak erabiliko dituzte; dena den, lur horien jabetza ez du erakunde bakarrak, eta ados jarri behar dute. Atzo, Madrilen, Txomiñenea auzoko proiektuaren inguruan hitz egiteko bildu ziren Espainiako Etxebizitza Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udala. Berretsi dute udalak Txomin Enea II eremuan dauden lursail guztiak Jaurlaritzari lagako dizkiola. Martuteneko kartzela eraisteko proiektu bat ere badago, eta planteatu dute eraikin horretan izandako errepresioa gogoraraztea.
Aipaturiko hiru erakundeetako ordezkariak bildu ziren atzo: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxaso, Donostiako alkate Jon Insausti, eta Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro Isabel Rodriguez. Jaurlaritzak ohar bat zabaldu du bileran landu diren gaien inguruan informatuz, eta hiru nabarmendu dituzte: Martuteneko espetxearen eraispena, lursailen lagapena, eta Txomin II eremua kudeatzeko eta lantzeko hitzarmen baten lanketa.
Kartzela eraisteko proiektu tekniko bat eman dio Itxasok Rodriguezi. Visesa sozietate publikoak landu du hori, baina Espainiako Etxebizitza Ministerioaren Casa 47 enpresa publikoak eraitsiko du espetxea. Landutako proiektuan Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketa bat ere badago; izan ere, frankismoan eta trantsizioan Martuteneko kartzelan izan zen errepresioa aztertu du Aranzadik. Planteatu dute eraikinaren elementu arkitektoniko adierazgarriren bat uztea, edo bertan izandako errepresioa gogorarazteko plaka oroigarriren bat jartzea. Martxoan, hainbat erakunde memorialistek eskatu zuten espetxea memoria gune izendatzea.
Udalak Jaurlaritzari lagako dizkion lursailei dagokienez, horiek Txomin Enea II eremuaren azaleraren bi heren dira; gainerakoak, Espainiako Estatuarenak dira. Eusko Jaurlaritzaren arabera, lurren eskualdatzeak ahalbidetuko du Visesa eta Casa 47 enpresen «baterako jarduketa artikulatzea». «Sozietate publiko bakoitzak dagozkion partzelak eta aprobetxamenduak garatuko ditu, hirigintza tresnen eta ematen diren akordioen arabera», gehitu dute. Udalaren aldetik, urrats bat gehiago emango du asteartean; izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrera eramango du birpartzelazio proiektua, bertan onartzeko.
Hitzarmen bat lantzen ere hasi dira Madril, Jaurlaritza eta udala, Txomin Enea II eremua kudeatzeko eta lantzeko. Bertan zehaztuko dituzte, besteak beste, erakunde bakoitzaren erantzukizunak eta ekarpen ekonomikoak.
14,5 milioi euro
Txomin Enea II eremua urbanizatzeak eta eraldatzeak 14,5 milioi euro inguruko kostua izango du. Dena den, kopuru hori alda daiteke; urbanizazio proiektua idaztean zehaztuko dute. Lurzorua prestatzearekin eta eraldatzearekin loturiko kopurua da, eta ez da sartzen etorkizuneko etxebizitzak eraikitzearen kostua.
Denis Itxasok nabarmendu du atzo «egun handia» izan zela, eta Donostiak ezin zuela gehiago itxaron. Insausti, berriz, «pozik» dago lurrak birpartzelatzeko akordioa lortu dutelako, eta azpimarratu du Madrilen donostiarrei entzun dietela.