Joan den ostegunean Gipuzkoako Batzar Nagusietan politika orokorreko bilkura egin ondotik, alderdiek tartea izan dute gaur mozioak aurkezteko eta bozkatzeko, Donostiako osoko bilkuran. Guztira, 41 mozio aurkeztu dituzte alderdiek, eta 34 onartu dituzte, gehien-gehienak.
EH Bilduk aurkeztutakoak izan dira atzera bota dituzten mozio gehienak; izan ere, ez dute nahikoa babes lortu gainontzeko alderdien partetik. Nolanahi ere, EH Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztu dituzten bi mozio aurrera atera dira, eta zeresana eman dute aurten ere.
Estatus politiko berriaren inguruko mozioa izan da horietako bat, eta euskal autogobernuaren ingurukoa bestea. Bietan, ez dira ados jarri gobernuan diren alderdiak —EAJ eta PSE-EE—, PSE-EEk kontra egin baitie bi mozioei. PPk ere aurkako botoa eman die, eta Elkarrekin Ahal Dugu abstenitu egin da estatus politikoaren inguruko mozioan, eta alde egin du autogobernuaren ingurukoan. Antzeko zerbait gertatu zen iazko osoko bilkuran.
Mozioak bozkatu aurretik, batzarkideek tartea izan dute aurkeztutako mozioak defendatzeko, eta horien inguruan eztabaidatzeko. Hori egin eta gero, Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak eskaera zuzena egin dio gobernuari: «Baliatu datozen hilabeteak Batzar Nagusi hauek emandako mandatuak betetzeko. Hori horrela bada, EH Bildu hor egongo da».