EAJk eta EH Bilduk estatus politiko berriaren eta autogobernuaren alde egin dute berriro

Bi mozio horiek aurrera atera dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu duten arren. EH Bilduk EAJri eskatu dio datozen hilabeteak balia ditzala mandatuak betetzeko: «Hori horrela bada, EH Bildu hor egongo da».

Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorraren osoko bilkura, joan den ostegunean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorraren osoko bilkura, joan den astean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 29a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den ostegunean Gipuzkoako Batzar Nagusietan politika orokorreko bilkura egin ondotik, alderdiek tartea izan dute gaur mozioak aurkezteko eta bozkatzeko, Donostiako osoko bilkuran. Guztira, 41 mozio aurkeztu dituzte alderdiek, eta 34 onartu dituzte, gehien-gehienak.

EH Bilduk aurkeztutakoak izan dira atzera bota dituzten mozio gehienak; izan ere, ez dute nahikoa babes lortu gainontzeko alderdien partetik. Nolanahi ere, EH Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztu dituzten bi mozio aurrera atera dira, eta zeresana eman dute aurten ere.

Estatus politiko berriaren inguruko mozioa izan da horietako bat, eta euskal autogobernuaren ingurukoa bestea. Bietan, ez dira ados jarri gobernuan diren alderdiak —EAJ eta PSE-EE—, PSE-EEk kontra egin baitie bi mozioei. PPk ere aurkako botoa eman die, eta Elkarrekin Ahal Dugu abstenitu egin da estatus politikoaren inguruko mozioan, eta alde egin du autogobernuaren ingurukoan. Antzeko zerbait gertatu zen iazko osoko bilkuran.

Mozioak bozkatu aurretik, batzarkideek tartea izan dute aurkeztutako mozioak defendatzeko, eta horien inguruan eztabaidatzeko. Hori egin eta gero, Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak eskaera zuzena egin dio gobernuari: «Baliatu datozen hilabeteak Batzar Nagusi hauek emandako mandatuak betetzeko. Hori horrela bada, EH Bildu hor egongo da».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA