«Donostiak esperientzia ezin hobea eskaintzen du: bost gauez aterpean lo egin, eta hurrengo hiruhilekoan gauak izarrei begira igarotzea». Hala irakur zitekeen Donostiako Harrera Sareko kide batek gaur goizeko agerraldian eskuen artean zeukan kartel batean; Donostiako Udalak kalean bizi direnei eskainitako baliabideak «urriak» direla salatu baitute udaletxearen aurrean egindako prentsaurrekoan. Donostiako alkate Jon Insaustiren jarrera ere kritikatu dute: zehazki, elkartasuna «kriminalizatzea» leporatu diote.
Hilabete eskas igaro da Donostiako Udalak KAS Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituenetik. Ordutik, izan dira protestak, mobilizazioak, bilerak eta prentsaurrekoak, baina baita «jazarpena» ere. KASeko kideek aurreko asteetan egin bezalaxe, Harrera Sarekoek salatu dute Udaltzaingoa eta Ertzaintza «neurri gogorrak» hartzen ari direla kale gorrian bizi direnen aurka: «Mehatxu egitea lo egiten duten lekuetatik alde egin dezaten, haien ondasunak hautsi eta suntsitzea, kanpin dendak moztu eta puskatzea, eta haien objektu pertsonalak kendu eta botatzea, besteak beste». Halako ekintzak «zuritu» nahian baliabide «urriak eta eskasak» eskaintzea egotzi diote Insaustiri.
Harrera Sareko kide Ainhoa Unanuek azaldu duenez, luzea eta korapilatsua da kalean bizi direnek baliabide horiek erabiltzeko egin beharreko bidea: «Hiru eta lau hilabete artean itxaron behar du gizarte langile batekin lehen hitzordua lortzeko; beste hiru hilabete, erroldatu ahal izateko; erroldatu ondoren, baloraziorako elkarrizketa bat eska dezake, eta beste hilabete itxaron behar du ebazpena jasotzeko». Eta urrats horiek guztiak egin ondoren, hainbat hilabetetako itxaron-zerrenda. Azkar egin dute kalkulua: denera, pertsona batek urtebete eta bi urte artean eman ditzake kalean udalaren baliabiderik eta babesik jasotzeko aukerarik gabe.
Izan ere, Donostiako Udalak ez du eskaintzen «ez jantoki sozialik, ez dutxak edo garbigailuak erabiltzeko aukera nahikorik, ez arroparik». Halako salaketen harira, Insaustik behin baino gehiagotan argudiatu du udalak La Sirena aterpetxea eskaintzen diela gaua non igaro ez dutenei; Harrera Sareko kideen arabera, baina, udal aterpetxeak bost gau baino ez ditu eskaintzen hiru hilabetean. Eta bero handia, euria edo hotza egiten duenean aterperik ez izateak ondorio latzak izan ditzake halako egoeran daudenentzat; Unanuek esan duenez, iazko azarotik hona kale gorrian bizi ziren zazpi pertsona hil dira.
Mehatxuak eta identifikazioak
Zortzi urte bete ditu Donostiako Harrera Sareak, baina azken hilabetea «oso gogorra» izaten ari da, Aiala Juanikorena kideak esan duenez. Izan ere, KAS debekatu zutenetik, areagotu egin da talde horretako eta Harrera Sareko kideen aurkako «jazarpen poliziala». Unanuek aitortu du «guztiz harrituta» daudela Donostiako Udalak hartu duen jarrerarekin: «Alkateak Udaltzaingoa bidali du kalean bizi direnekin egoten den oro zelatatu eta mehatxatzera». Adibide gisa aipatu dute, hain justu, duela bi aste Tabakaleran gaztelaniazko eta euskarazko eskolak ematen zituzten kide batzuk identifikatu zituztela, eskoletan haien ikasleei —migratzaileak— janaria emateagatik.
«Alkateak Udaltzaingoa bidali du kalean bizi direnekin egoten den oro zelatatu eta mehatxatzera»
AINHOA UNANUE Donostiako Harrera Sareko kidea
Donostiako Udalaren jarrera eta ekintzak ulertzea «zaila» zaiela ere esan dute, eta haien kontraesanak nabarmendu dituzte: «Migratzaileei etengabe eskatzen zaie gizarteratzeko, hizkuntza ikasteko, eskoletara joateko eta prestakuntza ikastaroak egiteko; bada, ahalegin hori egiten dutenean eta boluntarioek antolatutako guneetan hizkuntza ikasi nahi dutenean, gizarteratze prozesu hori zailtzen duten oztopoekin eta jazarpenarekin egiten dute topo».
Jarrera hori «arrazista eta diskriminatzailea» dela iritzi diote Harrera Sareko kideek. «Ezin dugu normalizatu elkartasuna zelatatzea, are gutxiago kalean dauden pertsonen aurkakoa denean, haiek migratzaileak izan edo ez», gehitu dute. Eta ozen gogoratu dute: «Laguntzea ez da delitua».