Kaleko Afari Solidarioak taldeak «alternatiba errealak» exijitu dizkio Donostiako Udalari

Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu ditu, eta otordu horiek emateko «alternatiba bat» proposatu. Egitasmoaren bultzatzaileek salatu dute 300 herritar gera daitezkeela afaltzeko aukerarik gabe. Bihar mobilizazioa egingo dute Plaza Berritik.

Kaleko Afari Solidarioak taldeko prentsaurrekoa gaur, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Kaleko Afari Solidarioak taldeko prentsaurrekoa gaur, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jon O. Urain - Maddi Iztueta Olano - Irati Montiel Bravo
2026ko uztailaren 28a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur afaria ematera joan eta Polizia gogorki jazarriko ote zaigun beldur gara, eta beldur gara afaltzera datozenek ekimena defenditzeagatik jasan ditzaketen ondorio fisiko eta legalengatik ere». Kaleko Afari Solidarioak ekinaldi boluntarioak (KAS) prentsaurreko bat egin du salatzeko hemendik aurrera Donostiako Udalak afariak ematea debekatu diela. Jakinarazi dute atzo Jon Insausti Donostiako alkateak 20:00etan udaltzainak bidali zituela afariak banatzen dituzten guneetara, sinatu eta arrazoitu gabeko orri informatibo batekin boluntarioei komunikatzeko afariak ematea debekatzen zitzaiela. 

Adierazi dute «errespetu eta erantzukizun falta handiarekin» jokatu duela udal gobernuak; inor ez da harremanetan jarri beraiekin, eta salatu dute hirurehun pertsona baino gehiago afaririk gabe utzi dituztela. Horren aurrean, kalean bizi direnen elikadura eskubideak bermatzeko «alternatiba errealak» exijitu dizkio Donostiako Udalari. Prentsaurrekoan iragarri dute, halaber, gertatutakoa salatzeko mobilizazio bat egingo dutela bihar, 20:00etan, Plaza Berritik abiatuta.

Azaldu dute egitasmoko boluntario batzuk goizean udaletxera joan direla alkateari «larrialdiko bilera» bat eskatzera. Izan ere, udalaren Otorduak programa eta aterpetxe eta eguneko zentroetan eskaintzen duen janaria ez dira nahikoa, taldeak esan duenez. Horregatik, udalari esan diote ekinaldia debekatuz gero hirurehun pertsona horiek artatzeko jantoki sozialak jarri behar dituela martxan gaur bertan.

Azpimarratu dute Donostiako Udalak ez duela inolako plan integralik kale gorrian daudenentzako elikadura bermatzeko. Gainera, salatu dute orain PPko zinegotziekin batera lerrokatu direla:  «Gure ekimen herrikoia, solidarioa eta boluntarioa hobetzen lagundu beharrean, erabat debekatu dute, Poliziaren jazarpenaren mehatxuarekin».

KASek adierazi du «egoera larrian» daudela, debekuak ez baitu jendearen gosea berdinduko. Horregatik, argi utzi dute elikadura eskubidearen alde borrokatzen jarraituko dutela «udalaren jarrera kriminalizatzailearen gainetik».

«Segurtasun arazoak»

Donostiako herritarren artean argazki bat zabaldu zen atzo iluntzean: Udaltzaingoaren idatzi bat, esaten zuena «hiriko espazio publikoetan afaria banatzeko jarduera debekatzen» duen ebazpen bat eman zuela udalak atzo bertan. Jon Insausti Donostiako alkateak gaur emandako prentsaurrekoan argudiatu duenez, afariak debekatu dituzte, besteak beste, iritzita «bizikidetza eta segurtasun arazoak» eragin dituztela. 

Donostian kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei gauero afari bat eskaintzen dien herritar talde bat da KAS, boluntarioz osatua. 2020ko azaroaz geroztik ari dira zeregin horretan, gauero-gauero; Parte Zaharrean hasi ziren, Plaza Berrian gutxi batzuei jatekoa emanez, eta, hasi eta sei hilabetera, 60-70 ziren boluntarioengana afari bila jotzen zutenak. Egitasmoa Egiara eta Amara Berrira zabaldu zen gero. KASek ohartarazi du hirurehun pertsona baino gehiago geratu daitezkeela afaltzekorik gabe debekua gauzatzen bada. Horietako asko migratzaileak dira.

Udaleko zenbait sailen txosten teknikoak aintzat hartuta galarazi dute janari banaketa: Espazio Publikoaren Erabilera Unitatea, Osasun Publikoko Saila eta Udaltzaingoa. Insaustiren arabera, «zaila» zen afari solidarioetan banatutako jakien «jarraipen zorrotza» egitea, eta Eusko Jaurlaritzarekin egindako «aliantzari esker» osatu dute afariak ordezkatzeko proposamena: milioi erdi euroko diru laguntza emango du Lakuak, Donostiako Udalak diseinatutako Otorduak programa handitzeko.

Programa horrek ez ditu bermatuko, ordea, KASek banatzen dituen otordu guztiak. Insaustik berak aitortu du ehun otordu gehiago eman ahal izango dituztela; haren arabera, orain arte udalak 316 otordu banatzen ditu egunero, eta horiei gehituko zaizkie beste ehunak. Dena den, migratzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte programa horretan parte hartu ahal izateko: hirian erroldatuta egon beharko dute, edo hirian gutxienez hiru hilabete bizi izan direla egiaztatu. Hala frogatuz gero, kode bat jasoko dute, eta kode hori hiriko jatetxe jakin batzuetan erabili ahal izango dute, trukean otordu bat jasotzeko. 

Debekua noren ekimena izan den galdetuta, erabakia bere gain hartu du Insaustik; hots, argi esan du ez dela udal gobernuaren erabaki bat izan. «Ez dut ukatuko ekimen honen oinarria eta jatorria [kaleko afari solidarioena], baina garai batean sortutako horrek jada ez dauka egungo egoerari erantzuteko ahalmenik, eta udalak erantzun behar dio horri», gehitu du. Edonola ere, aitortu du proposatutako alternatiba «abiapuntu bat» baino ez dela, eta, KASek salatu gisan, egunean otordu bero bat izateko aukerarik gabe geratuko direla ehunka migrante. 

«Ez dut ukatuko ekimen honen oinarria eta jatorria [kaleko afari solidarioena], baina garai batean sortutako horrek jada ez dauka egungo egoerari erantzuteko ahalmenik»

JON INSAUSTI Donostiako alkatea

Debekuaren harira, udaletxearen atarian prentsaurreko batera deitu du KASek; gaur eguerdian egin dute. Hain justu, haiekin biltzeko asmorik ote duen galdetuta, Donostiako alkateak esan du «agenda bete-betea» duela, baina prest dagoela kaleko afari solidarioetako kideekin elkartzeko. Halaber, nabarmendu du «espero» duela udalaren erabakia «errespetatu eta betetzea».

Ez da aurreneko aldia

2024ko urriaren 23an ere debekua ezarri zion udalak egitasmoari; orduan, segurtasun arrazoiak argudiatuta, Egia auzoko banaketa eten zuen. Hiritarren Harrera Sareak 2024ko urrian argitaratu zuen Kale Gorrian zenbaketan lortutako datua: urriaren 23ko gauean, 413 pertsonak egin zuten lo kalean Donostian. 

PPk KASen aurkako mozio bat eraman zuen ekainean udalbatzarrera, eta alderdi honetako zinegotziek parte hartu zuten 2024an afari banaketaren aurka Egian egin ziren protestetan.

PSE-EEk babestu egin du kaleko afari solidarioen debekua

Donostiako PSE-EEk bat egin du kaleko afari solidarioak debekatzeko erabakiarekin, alderdiak berak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Argudiatu du txostenek «agerian» utzi dutela egitasmoak ezin zuela bere hartan jarraitu, «segurtasun eta osasun arrazoiak» tarteko. Donostiako alkate Jon Insaustiren ildoari eutsi dio Donostiako PSE-EEko bozeramaile Ane Oiarbidek, eta nabarmendu «pertsonarik ahulenen arreta» ezin dela «soilik boluntariotzaren esku utzi». Are, adierazi du janari banaketak ez duela «benetako gizarteratze prozesurik ahalbidetzen», eta salatu «portaera desegokiak» eta «auzo bizikidetzari eragiten» dioten «gatazkak» gertatu direla ekinaldia gauzatu den espazioetan. Bestalde, baliabideak indartzeko eta gizarte arretarako zerbitzuak sendotzeko deia egin du, kalean bizi direnei «benetako alternatibak» eskaintzeko.

 Sumar Mugimenduak, berriz, gaitzetsi egin du kaleko afari solidarioak debekatu izana: «Debekuak ez du ezer konpontzen: elkartasuna zigortzen du, eta are zaurgarriago egiten ditu erakundeek bazter utzitako herritarrak». Horrez gain, Sumar Mugimenduak babesa helarazi dio KAS plataformari, eta gogorarazi du boluntario sare horrek urteak daramatzala kalean bizi direnak artatzen. «Pobreak mehatxutzat jotzea eskuinaren eta eskuin muturraren markoa erreproduzitzea da», gehitu du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA