Ertzaintzak Azpeitiko hainbat etxebizitza miatu ditu, baina ustez taxilaria hil zuen susmagarria aurkitu ez

Poliziak ustezko hiltzailearen ibilgailua topatu zuen atzo Azpeitian bertan, aparkatuta. Azpeitiko Udalak eskatu du «zuhurtziaz eta errespetuz» jokatzeko ikerketak aurrera egin dezan.

Ertzain batzuk Azpeitiko etxebizitza bat miatzen, gaur. JUAN HERRERO / EFE
Ertzain batzuk Azpeitiko etxebizitza bat miatzen, gaur. JUAN HERRERO / EFE
edurne begiristain
2026ko irailaren 2a
15:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo ustez 30 urteko taxilari bat tiroz hil zuenaren bila dabil Ertzaintza oraindik. Polizia ikerketa lanean ari da Azpeitiko Udaltzaingoarekin batera, eta operazio zabala du indarrean atzotik. Gaur hainbat miaketa egiten ari dira herriko hainbat tokitan, susmagarria aurkitzeko eta atxilotzeko.

Miaketetako bat Landeta auzoko etxebizitza batean egin du Ertzaintzaren unitate bereziak, ustezko erasotzailearen etxean. Polizia ordubete inguru egon da etxe barruan, baina susmagarria aurkitu ez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. 13:00ak pasatxo zirenean sartu dira poliziak eraikinean. Ertzaintzaren Bizkor taldeko hamar bat kidek parte hartu dute miaketan, eta txakur bat ere eraman dute. 

Beste hainbat tokitan ere miaketak egiten aritu da Ertzaintza. Duela gutxi, Paulo VI.a auzunearen parte bat eta Ildefonso Gurrutxaga kalea itxita eduki dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Unitate bereziko agenteak etxebizitza batera eta lokal batera sartu dira miaketa egitera. Gunea zabalik dago jada, eta ez da ertzainik han. Azkoitiko Estrada kalean ere izan dira gaur, operazioaren barruan, eta herritik kanpo ere ari dira bilaketa lanetan. 

Ertzaintzak atzo aurkitu zuen ustezko hiltzaileak erabilitako ibilgailua. Volkswagen gris bat da, eta hildakoari tiro egin ondoren ihes egiteko erabili zuen. Ibilgailua ordu batzuk geroago aurkitu zuten Azpeitian bertan, Garate Anaia auzuneko aparkaleku batean, aparkatuta eta abandonatuta. Gaur goizean ere ibilgailuarekin lotutako ikerketa lanak egin ditu Ertzaintzak, eta, gero, Landetako etxebizitza miatu.

Hilketa atzo arratsaldean izan zen, 20:15 inguruan, Artzubia etorbidean, zezen plazaren eta Garmendipeko futbol zelaiaren inguruko biribilgunean. Lekukoen arabera, Volkswagen gris batek atzetik jo zuen biktimak gidatzen zuen taxia, Mercedes beltz bat. Kolpearen ondoren, taxilaria autotik atera zen, eta beste ibilgailuko gidariak hainbat tiro egin zizkion. Tiroetako batek biktimaren burua jo zuen. Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu ziren, baina ezin izan zuten biktima suspertu. Ustezko erasotzaileak Volkswagen grisean alde egin zuen segidan. Lekuko batzuek adierazi zuten bakarrik zihoala.

Hildakoa 30 urte inguruko azpeitiar bat da. Taxilari gisa lan egiteaz gain, herrian ezaguna zen DJ gisa. Musika elektronikoko saioak egin izan zituen Dabadaba eta Pagoa aretoetan, besteak beste.

Udalaren eskaera

Azpeitiko Udalak eskatu du «zuhurtziaz eta errespetuz» jokatzeko ikerketak aurrera egin dezan. Nagore Alkorta alkateak azaldu du udalak «erabateko prestasuna» duela erakundeekin elkarlanean aritzeko eta zer gertatu den argitzen laguntzeko. Era berean, doluminak helarazi dizkie hildakoaren senide eta lagunei, eta udalaren baliabide psikologikoak eskura jarri dizkiela jakinarazi.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA