Ertzaintzak Azpeitiko hainbat etxebizitza miatu ditu, baina ustez taxilaria hil zuen susmagarria aurkitu ez

Poliziak ustezko hiltzailearen ibilgailua topatu zuen atzo Azpeitian bertan, aparkatuta. Azpeitiko Udalak «zuhurtzia eta errespetua» eskatu ditu ikerketak aurrera egin dezan.

Ertzain batzuk Azpeitiako etxebizitza bat miatzen, gaur. JUAN HERRERO / EFE
Ertzain batzuk Azpeitiako etxebizitza bat miatzen, gaur. JUAN HERRERO / EFE
edurne begiristain
2026ko irailaren 2a
15:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo ustez 30 urteko taxilari bat tiroz hil zuenaren bila jarraitzen du Ertzaintzak. Poliziak ikerketa abian du Azpeitiko Udaltzaingoarekin batera, eta atzotik operazio zabala du indarrean. Gaur hainbat miaketa egiten ari dira herriko hainbat tokitan, susmagarria aurkitzeko eta atxilotzeko.

Miaketetako bat Landeta auzoko etxebizitza batean egin du Ertzaintzaren unitate bereziak, ustezko erasotzailearen etxean. Polizia ordubete inguru egon da etxe barruan, baina susmagarria ez dute bertan aurkitu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Eguerdiko 13:00ak pasatxo zirenean sartu dira poliziak eraikinean. Ertzaintzaren Bizkor taldeko hamar bat kidek parte hartu dute miaketan, eta txakur bat ere eraman dute. 

Beste hainbat tokitan ere miaketak egiten aritu da Ertzaintza. Duela gutxi, Paulo VI.a auzunearen zati bat eta Ildefonso Gurrutxaga kalea itxita izan dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Unitate bereziko agenteak bertako etxebizitza batera eta lokal batera sartu dira miaketa egiteko. Gunea dagoeneko zabalik dago, eta ez da ertzainik bertan. Azkoitiko Estrada kalean ere izan da gaur, operazioaren barruan, eta herritik kanpo ere ari dira bilaketa lanak egiten. 

Ertzaintzak atzo aurkitu zuen ustezko hiltzaileak erabilitako ibilgailua. Volkswagen gris bat da, eta hildakoari tiro egin ondoren ihes egiteko erabili zuen. Ibilgailua ordu batzuk geroago aurkitu zuten Azpeitian bertan, Garate Anaia auzuneko aparkaleku batean, aparkatuta eta abandonatuta. Gaur goizean ere ibilgailuarekin lotutako ikerketa lanak egin ditu Ertzaintzak, eta ondoren Landetako etxebizitzan egin du miaketa.

Hilketa atzo arratsaldean izan zen, 20:15 inguruan, Artzubia etorbidean, zezen plazaren eta Garmendipeko futbol zelaiaren inguruko biribilgunean. Lekukoen arabera, Volkswagen gris batek atzetik jo zuen biktimak gidatzen zuen taxia, Mercedes beltz bat. Talkaren ondoren, taxilaria autotik atera zen, eta beste ibilgailuko gidariak hainbat tiro egin zizkion. Tiroetako batek biktimaren burua jo zuen. Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu ziren, baina ezin izan zuten gaztea suspertu. Ustezko erasotzaileak Volkswagen grisean alde egin zuen ondoren. Lekuko batzuek adierazi zuten bakarrik zihoala.

Hildakoa 30 urte inguruko azpeitiar bat da. Taxilari gisa lan egiteaz gain, herrian ezaguna zen DJ gisa. Musika elektronikoko saioak egin izan zituen besteak beste Dabadaba eta Pagoa aretoetan.

Udalaren eskaera

Azpeitiko Udalak «zuhurtzia eta errespetua» eskatu ditu ikerketak aurrera egin dezan. Nagore Alkorta alkateak udalaren «erabateko prestutasuna» azaldu du erakundeekin elkarlanean aritzeko eta gertatutakoa argitzen laguntzeko. Era berean, doluminak helarazi dizkie hildakoaren senide eta lagunei, eta udalaren baliabide psikologikoak haien eskura jarri dituela jakinarazi du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA