Eusko Jaurlaritzak argitu du ez duela baimenduko Aralar naturagune babestuari kalte egiten dion jarduerarik

Mikel Jauregi Industria sailburuak ohartarazpena egin du Espainiako Gobernuak Aralar naturagunean hidrogeno naturala eta helioa bilatzeko baimenei buruz. Gipuzkoari ez ezik Nafarroari ere eragiten diote baimen horiek.

Mantle8 enpresako teknikari bat azterketak egiten, Lokiz mendia atzean duela. MANTLE8
Mantle8 enpresako teknikari bat azterketak egiten, Lokiz mendia atzean duela. MANTLE8
kristina martin
2026ko urriaren 5a
14:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak jakinarazi du ez duela baimenduko Aralar natura eremu babestuari kalte egin diezaiokeen jarduerarik. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak zera argitu du Aralarren hidrogeno zuria bilatzeko Espainiako eta Nafarroako gobernuek egindako bi eskaerei dagokienez: «Eusko Jaurlaritzak aldeko txostena egin zuen, haren eskaerak ez baitzuen aurreikusten erauzketa jarduerarik, ezta lursailetan eta lurpean funtsezko aldaketarik egitea ere». Hala ere, Jauregik ohartarazi duenez, «Aralar ez da ukitzen», han edozer aurkitzen dutela ere.

Industria Sailak ohar horretan azaldu dutenez, «autonomia energetikoaren eta deskarbonizazioaren aldeko apustuari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak berezko energia iturri berriak eta emisiorik gabekoak aztertzeari ekin dio». Energia iturri horietako bat hidrogeno zuria edo natiboa izan daiteke. Izan ere, gaur egun hidrogeno zuria bilatzeko «bost baimen eskaera daude Euskadin, eta Eusko Jaurlaritzako Meategien Zuzendaritzan tramitatzen ari dira». Hatxebi sozietateak aurkeztu ditu, eta 2024an hasi ziren tramitatzen. Energiaren Euskal Erakundea sozietate horrekin elkarlanean ari da, «baina ez du inolako akzio, sozietate edota ekonomia partaidetzarik».

Aralarren hidrogeno zuria bilatzeko beste bi eskaerei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak aldeko txostena eman zien Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2026ko urtarrilaren 26an jaso zituztenei. Baina, Jauregik nabarmendu duenez, txostenak ez du baimenik ematen eremu naturala zulatzeko, ustiatzeko edota eraldatzeko. «Lurraren konfigurazioa nabarmen aldatzen ez duten eta erauzketa jarduerarik behar ez duten azterketak egiteko aukera baino ez du ematen». Horrekin batera, Jaurlaritzak gogorarazi du miaketa fisikoa Nafarroan bakarrik egingo dutela. 

Espainiako Gobernuak Mantle8 enpresari baimena eman dio Euskal Herriko zenbait eremutan hidrogenoa eta helioa bilatzeko. Hala, Aralarren ez ezik, Lokizen, Andian eta beste inguru batzuetan ere bilatuko dute hidrogenoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA