Aralarren ez ezik, Lokizen, Andian eta beste inguru batzuetan ere bilatuko dute hidrogenoa

Mantle8 enpresak hitzeman du udalekin harremanetan jarriko dela. Ziurtatu du azaleko azterketak «ez-inbaditzaileak» besterik ez duela egingo eta lurra ez duela zulatuko.

Mantle8ko teknikari bat azterketak egiten, Lokiz mendia atzean duela. MANTLE8
Mantle8ko teknikari bat azterketak egiten, Lokiz mendia atzean duela. MANTLE8
Iker Aranburu.
2026ko abuztuaren 26a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aralar izena eman dio Mantle8 enpresak Euskal Herrian hidrogenoa eta helioa bilatzeko lortu duen baimenari, baina mendi horretan ez ezik ingurukoetan ere gasa bilatzeko baimena eman diote. Zehazki, 1.680 kilometro koadrotan bilatu ahal izango du, gehien-gehienak Nafarroan, baina baita Arabako eta Gipuzkoako ekialdeko bi muturretan ere.

Aralar I prospekzio baimena izen bereko mendian hasten da, Larraitz eta Lizarrustitik ekialdera dauden eremuetan, eta Artesiaga eta Eugiraino iristen da. Hau da, aukera ematen dio Basaburuko, Imozko, Atezko, Ultzamako, Odietako eta Anueko mendietan eta beste lurretan gasa bilatzeko, nahiz eta enpresak azaldu duen horrek ez duela ezinbestean esan nahi eremu horietan guztietan bila arituko denik.

Aralar II eremua, berriz, Entzia (Araba) eta Lana ibarra (Nafarroa) ditu mendebaldeko muturrean, eta ia-ia Etxauriraino iristen da. Tartean daude, besteak beste, Lokiz, Urbasa-Andia, Deierri eta Ollaran.

Mantle8 Frantziako prospekzio enpresa bat da, eta ekainaren 5ean jaso zuen Espainiako Trantsizio Energetiko Ministerioaren baimena hidrogenoa bilatzeko. Berria, ordea, ez zen abuztuaren 13 arte zabaldu, eta ordurako Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia ere bazuen.

«Badakit gu ez garela ezer, baina gure lurretan zerbait egin nahi badute, gutxienekoa informatzea da»

LONTXO ZUBILLAGA Beteluko alkatea

Berehala hasi ziren lehen kezkak eta kexuak plazaratzen Aralar inguruko herrietan, informazio eskasia zela eta. Berria hedabideen bitartez jakin zutela aitortu du Lontxo Zubillaga Beteluko alkateak (Nafarroa), eta haserre azaldu da inor ez delako harekin harremanetan jarri. «Badakit gu ez garela ezer, baina gure lurretan zerbait egin nahi badute, gutxienekoa informatzea da». Atzoko bilkuran, Nafarroako Gobernuari bilaketei buruzko informazioa eskatzen dion mozioa onartu zuen Beteluko udalbatzak, eta erantzuna berehalakoa izan da, astelehenerako bilera batera deitu baititu exekutiboak. «Egia da mendiko larreei buruz hitz egin behar dugula haiekin, baina espero dut orduan emango digutela proiektuari buruzko informazioa ere».

«Gardentasuna» agindu du enpresak

Iragarpenak izan duen oihartzuna ikusita, enpresaren webgunean azalpen batzuk eman ditu Mantle8ko presidente Emmanuel Mansinik, ingelesez eta gaztelaniaz ez ezik, baita euskaraz ere. Horretan, Grenobleko enpresak dio «informazio argia, objektiboa eta proaktiboa» emango diela «Nafarroako eta Euskal Herriko komunitateei, udalei eta bazkide instituzionalei. Gure helburua gardentasun osoa mantentzea da».

Mansinik azaldu du orain, udako oporrak amaitzean, aurrez aurreko bilerak egin nahi dituztela udalekin eta herri lurren kudeatzaileekin (Enirio-Aralar mankomunitatea eta Aralar elkartea, esaterako), orain arte lortutako baimenek zertarako aukera ematen dieten azaltzeko, zehazki zer egin nahi duten esplikatzeko eta, «beharrezkoa» denean, tokian tokiko baimen zehatzak eskuratzeko. Prospekzio gehien-gehienak herri lurretan egin nahi dituztela esplikatu du —halakoak dira eremu horietako mendi gehienak—, baina batzuetan lur partikularretan ere arituko direla, jabeen baimena eskuratuz gero.

Edonola ere, Frantziako enpresak nabarmendu nahi izan du gauza bat dela hidrogenoa eta helioa ba ote dagoen bilatzea eta beste bat gas horiek ustiatzea. Zehaztu du berak «ikerketa zientifikoa» soilik egin dezakeela, eta ezin duela lurra zulatu, gasa erauzi, biderik egin edo azpiegitura iraunkorrik eraiki.

Azaldu duenez, geologo talde txikiak ibiliko dira mendian, eta, egoki ikusten duten lekuetan, ur eta harri laginak hartuko dituzte, eta sentsoreen bitartez aztertuko dute lurra, azpian hidrogeno edo helio hobiak dauden jakiteko. Sentsore horietako batzuk asteak egingo dituzte han, baina geroago kendu egingo dituzte.

Are gehiago, Mantle8k nabarmendu duenez, «Aralarrek, Done Mikel Aralarkoaren santutegia eta gainerako erreferentzia puntuak barne, pisu kultural eta sinboliko sakona du euskal eta nafar identitaterako. Gure presentzia errespetuzkoa izango da, geologo talde txikiak osatuta; lurraldean zehar eragin txikia izanik mugituko dira, eskualdeko natura eta kultura ondarea errespetatuz». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA