Bi hilabete igaro dira Gure Gaskuña itsasontziak Orioko itsasaldeko portuan su hartu zuenetik. Han dago oraindik, erdi hondoratuta, baina ez betiko, Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri baitu baimena eman duela arrantzontzia handik kendu, zuzen jarri eta berriz flotarazteko. Lan horiek egiteko 45 egun inguru beharko dituzte, baina ez dute esan noiz hasiko dituzten. Lanen inguruko zenbait alderdi tekniko behin betiko zehaztu ostean argituko dute hori.
Jaurlaritzak onartu egin du itsasontziaren armadore Jarbide SM enpresak Gure Gaskuña kentzeko prestatutako plana. Hartan jasota dago zer jarduera egin behar dituzten, eta erakundeak dio laster hasiko direla lanean, plan hori oinarri hartuta. Itsasontzia ur azalera ekartzeaz gain, helburua da lanak egiten dituzten bitartean portua eta haren ingurua «ahalik eta gehien» babestea. Konpromisoa hartu dute itsasoa, portuko segurtasuna eta instalazioak zaintzeko.
Hilabete hasieran amaitu zituzten itsasontzitik erregaia ateratzeko lanak; guztira, 18.900 litro gasolio atera zituzten. Hala ere, Orioko herritarrak kexu izan dira suteak eragindako ondorioengatik, baita egoera kudeatzeko moduagatik ere. Orioko surf taldeak elkarretaratze bat egin zuen, eta salatu isuriak izan direla portuan. EAEko Angularien Elkarteak, berriz, esan zuen suteak «kutsadura larria» eragin zuela, eta gasolioa itsasontzitik ateratzeko lanek egoera okertu zutela.