Joan den udan Munduko Futbol Kopa jokatu badute ere, datorren aldia prestatzen ari dira dagoeneko. Jakina da 2030ean Marokon, Portugalen eta Espainian jokatuko dutela Munduko Futbol Kopa, baina egoitzak zehazteko daude. Bada, prozesu horretan, Eusko Jaurlaritzak bere ideia proposatu zuen: Donostiak eta Bilbok hautagaitza bat partekatzea. Espainiako Futbol Federazioko Rafael Louzan presidenteak gaur jakinarazi duenez, FIFAk ez du Eusko Jaurlaritzaren proposamena onartu: «Bi estadio dituen egoitza bakarra egotea eskatu zuten, eta FIFAk ezetz esan du, EAEn bi egoitza daudela, eta, ondorioz, orain haiei dagokiela erabakitzea».
Ekainean iragarri zuten egoitza bateratuaren proposamena Eusko Jaurlaritzak, Bilboko eta Donostiako udalek, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Athleticek eta Realak. Orduko hartan azaldu zutenez, bi hiriak Munduko Futbol Koparako egoitza izan daitezke, baina ez zuten bideragarri ikusi bi hautagaitza aurkeztea, zenbait arrazoirengatik: kostu ekonomikoa, lehiaketak iraun bitartean hiri horietan beste egitasmorik antolatu ahal ez izatea... Arrazoi horiengatik, aipatutako erakundeek hautagaitza bateratua aurkeztea hobetsi zuten, «FIFAren eskakizun zorrotzak sakon aztertuta, interes orokorra lehenetsita eta herri ikuspegi batetik jarduteko asmoz».
Bada, duela bi aste FIFAko zenbait ordezkari bertaratu ziren Donostiara, Anoeta zelaiari eta Donostia hiriari onespena emateko. Eta gaur bertan, Santiagon (Galizia) egindako agerraldian, Louzanek iradoki du FIFAren erantzuna jaso ostean garaia dela Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako alkateak erabaki bat har dezaten.