2030eko Munduko Futbol Txapelketa

FIFAk atzera bota du 2030eko Munduko Futbol Txapelketarako Donostiaren eta Bilboren hautagaitza bateratua

Ekainean aurkeztu zuten hautagaitza bateratua Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait erakundek. Gaur Espainiako Futbol Federazioko Louzan presidenteak iradoki du Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak erabakitzeko unea dela orain.

FIFAko zenbait ordezkari Anoeta zelaiaren kanpoaldean, duela bi aste. EFE
FIFAko zenbait ordezkari Anoeta zelaiaren kanpoaldean, duela bi aste. EFE
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko azaroaren 19a
18:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasa den udan Munduko Futbol Txapelketa jokatu badute ere, jada datorren aldia prestatzen ari dira. Jakina da 2030ean Marokon, Portugalen eta Espainian jokatuko dutela Munduko Futbol Txapelketa, baina egoitzak zehazteko daude. Bada, prozesu horretan, Eusko Jaurlaritzak bere ideia proposatu zuen: Donostiak eta Bilbok hautagaitza bat partekatzea. Espainiako Futbol Federazioko Rafael Louzan presidenteak gaur jakinarazi duenez, FIFAk ez du Eusko jaurlaritzaren proposamena onartu: «Bi estadio dituen egoitza bakarra egotea eskatu zuten, eta FIFAk, une honetan, ezetz esan du, EAEn bi egoitza daudela, eta, ondorioz, orain haiei dagokie erabakitzea».

Ekainean iragarri zuten egoitza bateratuaren proposamena Eusko Jaurlaritzak, Bilboko eta Donostiako udalek, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Athleticek eta Realak. Orduko hartan azaldu zutenez, bi hiriak Munduko Futbol Koparako egoitza izan daitezke, baina ez zuten bideragarri ikusi bi hautagaitza aurkeztea, zenbait arrazoirengatik: kostu ekonomikoa, lehiaketak iraun bitartean hiri horietan beste egitasmorik antolatu ahal ez izatea... Arrazoi horiengatik aipatutako erakundeek hautagaitza bateratua aurkeztea hobetsi zuten, «FIFAren eskakizun zorrotzak sakon aztertuta, interes orokorra lehenetsita eta herri ikuspegi batetik jarduteko asmoarekin».

Bada, duela bi aste FIFAko zenbait ordezkari bertaratu ziren Donostiara, Anoeta zelaiak eta Donostia hiriak berak egoitza bezala onespena jasotzeko. Eta Gaur bertan, Louzanek Santiagon (Galizia) egindako agerraldian iradoki du, FiFAren erantzuna jaso ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako alkateak erabakitzeko unea dela orain.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA