Bilbok eta Donostiak hautagaitza bateratua aurkeztuko dute 2030eko Munduko Futbol Kopako egoitza izateko

Eusko Jaurlaritzak, Bilboko eta Donostiako udalek, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Athleticek eta Realak elkar hartu dute, eta FIFAri eskatuko diote San Mamesen eta Anoetan joka dadila 2030eko Munduko Futbol Kopa.

San Mames futbol zelaia, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA/FOKU
San Mames futbol zelaia, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko ekainaren 1a
10:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bazegoen eztabaida. Bazeuden zalantzak. Eta argitu da afera: Bilbok eta Donostiak 2030eko Munduko Futbol Koparako hautagaitza bateratua aurkeztuko dute, eta FIFAri galdegingo diote partidak San Mamesen eta Anoetan joka ditzatela —bakoitzean bi partida—; hain zuzen, FIFAri berriki helarazi diote egoitza bihurtzeko prozesuan jarraitzeko borondatea adierazten duen agiria.

Egoitza bateratuaren proposamena hainbat erakunderen eta elkarteren elkarlanerako borondatearen isla da: elkar hartuta aritu dira eta arituko dira Eusko Jaurlaritza, Bilboko eta Donostiako udalak, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Athletic eta Reala. Prentsa ohar bateratu batean eman dituzte hautagaitzaren gaineko xehetasunak. 

Azaldu dutenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek lau urte daramatzate, «lan serio eta zorrotza» eginda, bi hiriak Munduko Futbol Koparako egoitza izateko lanean. Baina, haien hitzetan, ez dute bideragarri ikusi bi hautagaitza aurkeztea, zenbait arrazoirengatik: kostu ekonomikoa, lehiaketak iraun bitartean hiri horietan beste egitasmorik antolatu ahal ez izatea...

Erakundeek hautagaitza bateratua aurkeztea hobetsi dute, «FIFAren eskakizun zorrotzak sakon aztertuta, interes orokorra lehenetsita eta herri ikuspegi batetik jarduteko asmoarekin». Erakundeek uste dute dute hala ez egiteak «kalteak» eragingo lizkiokeela gizarteari, eta hala jakinarazi zion atzo bertan FIFAri ere.

Orain, antolatzaileen erantzunaren zain geratu dira, eta berretsi dute aurrerantzean ere «koordinatuta eta interes orokorraren mesedetan eta herri ikuspegiarekin» jardungo dutela, FIFAk exijitutako dokumentazioa «seriotasun eta zorroztasun osoz» prestatuko dutela eta «diskrezioz» arituko direla antolakuntzarekin izango dituzten negoziazioetan.

Duela bi aste zabaldu zen eztabaida: Jon Insausti Donostiako alkateak (EAJ) gogoeta bat zabaldu zuen sareetan, eta zalantzan jarri zuen egokia ote zen halako ekitaldi bat hirian antolatzea. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zehaztu zuen FIFAk ezarritako «baldintza berriek» sortu zituztela zalantza horiek. EAJren jarrera horrek haserrearazi egin zuen gobernuetan bazkide duen alderdia, PSE-EE, zeren sozialistek egunotan eutsi egin baitiote Munduko Kopako antolaketan parte hartzeko nahiari. «Espero dut azken erabakia Sabin Etxean ez hartzea», esan zuen Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak.

Gaurko itunaren ondoren, zera adierazi du Jon Insausti Donostiako alkateak: «Pozik nago. Donostia gure etxea da, eta guk erabakitzen dugu nor gonbidatu». FIFAk ezarritako baldintzen inguruan hauxe esan du Insaustik: «Ez ditugu zertan mahai gainean jartzen dizkiguten baldintza guztiak onartu. Negoziatu egin dezakegu, urduritasunik gabe, soseguz». Insaustik argi du: «Honek benetan merezi duen aztertu behar dugu, eta deserosoak izan daitezkeen galderak egin geure buruari». Negoziatzen ari diren bitartean «konfidentzialtasunari» eutsi behar zaiola nabarmendu du: «Iritsiko da datuak mahai gainean jartzeko unea».

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere hitz egin du: «Munduko Kopa antolatu nahi genuen, eta horixe nahi dugu orain ere, baina ez edozeren truke». Aburtok argi utzi du 2024an euskal erakundeek muga batzuk ezarri zituztela, hala nola euskara erabiltzea eta aintzat hartzea, eta hainbat inbertsio egitea azpiegituretan. Baldintza horiek indarrean daude oraindik: «Horiei gaur aurkeztu dugun proposamena batzen zaie, herri moduan aurkeztu duguna». 

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura sailburuaren esanetan, proposamenak agerian uzten du erakundeek Munduko Kopa antolatzeko duten konpromisoa: «Ez diogu uko egiten».

EH Bilduk proposamena «inprobisatua» dela uste du: «Azterketa sakona egingo zutela zioten, baina ez da halakorik ikusten», esan zuen Josu Aztiria parlamentariak. Haren arabera: «Datuak argigarriak dira, eta irabazten ateratzen den bakarra FIFA da». Elkarrekin Podemos harritu egin da proposamenarekin: «Zain egongo gara, baina ez da serioa proposamenaz prentsa ohar baten bidez enteratu izana», esan zuen Ana Viñasek, Bilboko Udaleko koalizioaren bozeramaileak. PPko presidente Amaia Martinezen arabera EAJk «herritarren presioarengatik» egin du azkenerako atzera.

FIFA-REN BALDINTZAK

 

  1. Erabilera esklusiboa. Lehen partida baino 30 egun lehenago hasita eta azken partidatik zazpi egun geroago arte ezingo litzateke estadioa beste ezertarako erabili. 
  2. Eserlekuak. Gutxienez 40.000 eserleku behar ditu estadioak. Baina, horrez gain, gutxienez 4.000 eserleku gorde beharko lirateke bazkide komertzialentzat, horietatik %30 palkoetan. 
  3. Ingurua. Estadioaren inguruan 4.000 metro koadroko eremua bermatu behar da irrati eta telebistentzat, baita 550 metro koadroko akreditazio eremu bat eta mila metro koadroko eremu bat boluntarioentzat ere. Horretaz gain, beste 300 metro koadroko eremu bat ere behar da sarrerak saltzeko. Estadio barruan, berriz, bi pantaila erraldoi jarri beharko lirateke, 200 metro koadrokoa bakoitza.
  4. Neurri ekonomikoak. FIFAk ia erabateko zerga salbuespena eskatzen du, bai erakundearentzat, baita hornitzaileentzat ere. Horrez gain, tokiko erakundeek 100 milioi dolarreko aseguru bat sinatu behar dute, nahiz eta FIFAk kontratua bertan behera uzteko eskubidea izan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA