Frankistek fusilatutakoen objektuak ikusgai egongo dira Oiartzunen

Gaurtik abenduaren 13ra bitarte, hiru jarduera egingo dituzte herrian. Erakusketa bat izango da larunbatetik aurrera; besteak beste, balak, txanponak eta txapelak egongo dira ikusgai.

Fusilatuen gorpuzkiak hobi batean, Oiartzungo Karrika auzoko Iragorri guneko hilerrian. KATTIN TXIKI
Fusilatuen gorpuzkiak hobi batean, Oiartzungo Karrika auzoko Iragorri guneko hilerrian. KATTIN TXIKI
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 26a
16:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten 90 urte bete dira altxamendu frankista izan zenetik, eta Oiartzunen orain ere gogorarazten dute zer gertatu zen herrian 36ko gerran eta diktadura garaian. Horren harira, hiru jarduera egingo dituzte gaurtik abenduaren 13ra bitarte, faxistek fusilatu eta desagerrarazi zituztenak oroitzeko. Egitasmo horietako bat erakusketa bat da: Arizmendienea museoan egongo da ikusgai, larunbatetik abenduaren 13ra arte. Han izango dira, besteak beste, fusilatutakoen gorpuzkiekin batera aurkituriko txanponak, zapata zolak, txapelak, mahuka-bikiak eta balak.

Oiartzunen memoria historikoa berreskuratzea helburu duen Kattin Txiki taldeak antolatu ditu jarduerak, udalaren laguntzarekin. Faxisten estatu kolpetik 90 urte izena jarri diote egitasmoari, eta gaur hasiko dute. Izan ere, Oiartzun Irratiak saio bat egingo du jendaurrean, 19:00etan, Arizmendienea museoan. Han, besteak beste, Oiartzungo Karrika auzoko Iragorri guneko hilerrian aurkitutako gorpuzkiak eta objektuak izango dituzte hizpide. 

Erakusketa, berriz, larunbatean inauguratuko dute, eguerdiko hamabietan. Asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00ak arte ikusi ahal izango da. Asteburuetan ere tarte horretan irekiko dute, baina baita 11:00etatik 13:00ak arte ere.

Iragorriko hilerrian aurkituriko zapata zola bat. KATTIN TXIKI
Iragorriko hilerrian aurkituriko zapata zola bat. KATTIN TXIKI

Abenduaren 13an izango da azken jarduera. Egun horretan, 11:30ean, Iragana ez da iragan izeneko ekitaldia egingo dute fusilatuak eta desagertuak omentzeko. Iragorriko hilerrian izango da, eta hara joateko autobus bat jarriko dute. Haurtzaro ikastolako aparkalekuan jasoko du jendea, 11:00etan.

Iragorriko fusilamenduak

Kattin Txiki taldeak azaldu duenez, 1960an zortzi pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituzten Karrika auzoko Iragorriko hilerrian; 2007ko abuztuan, berriz, beste bostenak. Izan ere, gune horretan hainbat lagun exekutatu eta lurperatu zituzten frankistek. Hezur horiekin batera, hainbat objektu aurkitu zituzten.

Oraindik ez dute lortu identifikatzea norenak diren Iragorriko hilerrian aurkituriko gorpuzkiak eta objektuak. Gainera, Kattin Txiki taldeak esan du litekeena dela gehiago egotea: «Lekukoek adierazitakoaren arabera, badakigu azaleratu gabeko gorpu ugari daudela oraindik hilerrian». 

Taldeko kideek egindako ikerketen arabera, gutxienez 110 lagun fusilatu zituzten Oiartzunen 1936 eta 1945 bitartean. Haietatik 25 oiartzuarrak direla diote. Horrez gain, hil zituzten zenbait gogoratu dituzte: «Oiartzunen erail eta desagerrarazi zituztenen artean, izen batzuk gogorarazten dizkigute garai hartako lekukoek; esaterako, haurdun fusilatu zuten Florencia Olazagoitia, Joxe Mari Etxeberria Berra Bixkarrondo langilea, eta Jorge Iturrikastillo apaiza».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA