90 urte bete dira aurten altxamendu frankista izan zenetik, eta Oiartzunen gogorarazten jarraitzen dute 36ko gerran eta diktadura garaian herrian gertatutakoa. Horren harira, hiru jarduera egingo dituzte gaurtik abenduaren 13ra bitarte, faxistek fusilatu eta desagerrarazi zituzten pertsonak oroitzeko. Egitasmo horietako bat erakusketa bat da; Arizmendienea museoan egongo da ikusgai, larunbatetik abenduaren 13ra arte. Han izango dira, besteak beste, fusilatutako pertsonen gorpuzkiekin batera aurkituriko txanponak, zapata zolak, txapelak, mahuka-bikiak eta balak.
Oiartzunen memoria historikoa berreskuratzea helburu duen Kattin Txiki taldeak antolatu ditu jarduerak, udalaren laguntzarekin. Faxisten estatu kolpetik 90 urte izena jarri diote ekinbideari, eta gaur hasiko dute. Izan ere, Oiartzun Irratiak saio bat egingo du jendaurrean, 19:00etan, Arizmendienea museoan. Han, besteak beste, Oiartzungo Karrika auzoko Iragorri guneko hilerrian aurkitu diren gorpuzkiak eta objektuak izango dituzte hizpide.Â
Erakusketa, berriz, larunbatean inauguratuko dute, eguerdiko hamabietan. Asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00ak arte ikusi ahal izango da. Asteburuetan ere tarte horretan irekiko dute, baina baita 11:00etatik 13:00ak arte ere.

Abenduaren 13an izango da azken jarduera. Egun horretan, 11:30ean, Iragana ez da iragan izeneko ekitaldia egingo dute fusilatutako pertsonak eta desagertuak omentzeko. Iragorriko hilerrian izango da jarduera hori, eta hara joateko autobus bat jarriko dute. Haurtzaro ikastolako aparkalekuan jasoko du jendea, 11:00etan.
Iragorriko fusilaketak
Kattin Txiki taldeak azaldu duenez, 1960an zortzi pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituzten Karrika auzoko Iragorriko hilerrian; 2007ko abuztuan, berriz, beste bost pertsonarenak. Izan ere, gune horretan hainbat lagun exekutatu eta lurperatu zituzten frankistek. Hezur horiekin batera, hainbat objektu aurkitu zituzten.
Oraindik ez dute lortu identifikatzea norenak diren Iragorriko hilerrian aurkituriko gorpuzkiak eta objektuak. Gainera, gehiago egon daitezkeela dio Kattin Txiki taldeak: «Lekukoek adierazitakoaren arabera, badakigu azaleratu gabeko gorpu ugari daudela oraindik hilerrian».Â
Taldeko kideek egindako ikerketen arabera, gutxienez 110 lagun fusilatu zituzten Oiartzunen 1936. eta 1945. urteen artean. Haietatik 25 oiartzuarrak direla diote. Horrez gain, hil zituzten zenbait pertsona gogoratu dituzte: «Oiartzunen erail eta desagerrarazi zituztenen artean, izen batzuk gogorarazten dizkigute garai hartako lekukoek; esaterako, haurdun fusilatu zuten Florencia Olazagoitia, Joxe Mari Etxeberria Berra Bixkarrondo langilea, eta Jorge Iturrikastillo apaiza».