Arrazoimenaren eta eromenaren arteko mugak aztertu ditu Garazi Muguruza psikoanalista lacandarrak, Eromena. Esanezinetik abiatuz izeneko liburuan (Alberdania, 2026). Gaur aurkeztu dute, Donostiako liburutegian. Egileak ez ezik, Alberdania argitaletxeko editore Aritz Galarragak hartu du hitza aurkezpen ekitaldian.
Haren esanetan, liburuak «eromenaren inguruko hausnarketa sakon bat» proposatzen du: «Testuak eromenaren, desiraren, angustiaren eta sintomaren arteko loturak aztertzen ditu. Patologizazioaren kritika eginez, egileak entzuketa proposatzen du oinarri gisa: eromena zuzendu edo isilarazi beharrean, haren lengoaia eta subjektuaren egia singularra entzutea». Galarragak azaldu duenez, saiakeraren abiapuntua zera da, ez dagoela eromen bakar eta orokor bat: «Bakoitzak bere eromena bizi du, bere historia eta bere berezitasuna. Horregatik, egileak zalantzan jartzen du sufrimendu oro diagnostiko baten bidez sailkatzeko edo normaltasunaren neurrira egokitzeko joera: gaixotasun mentalak diagnostiko baten objektu bihur gaitzake; eromenak, berriz, subjektu gisa hartzen gaitu».
Ideia horretan sakondu du Muguruzak. Zalantzan jarri du diagnostikoen gaineko egungo diskurtsoa, uste baitu kritika bat garatu beharra dagoela «sendatu eta normalizatu beharraren inguruan». «Diagnostikoak alienazio efektu bat eragin dezake, eta horrek berak patologizazio saiakeren inguruan hausnartzeko ardura jartzen digu aurrez aurre».
Garazi Muguruza psikologia sanitarioko lizentziaduna da, eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloan espezializatua. Psikoanalista lacandarra da bere praktika klinikoan.