Hasi dituzte Escalerillas eraisteko lanak. Asteburutik lanean dira hondeagailuak Pasaiako Herrera kaleko 10. eta 11. zenbakietan, etxe bloke horiek behera botatzeko asmoz. Pasaiako Portu Agintaritzak agindu du eraisketa, eta, horrela, bide eman dio ETS Euskal Trenbide Sareari bertan egin nahi duen trenbidearen lanei ekiteko.
Hiru urteko borroka izan da, eta portuko agintaritzak aurrean izan ditu Escalerillaseko bizilagunak, herritarrak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Duela 60 urte inguru eraiki zituzten etxe horiek, eta portuan lan egiten zuten langile batzuk bizi ziren bertan. Gehienak hilda daude jada, eta haien alargunak bihurtu ziren etxearen titular. Beste kasu batzuetan, alargunak ere hilda daude, eta beraz, seme-alabek hartu zuten etxea haientzat, baina titulartasunik gabe. Haiek alternatibarik eta kalte oraindik eman gabe kaleratu zituzten, tasak eta berrikuntza lan guztiak ordaintzen zituzten arren.
Iazko abenduan ekin zioten bertako hamabi familiak kanporatzeko prozesuari. Horretarako, Pasaiako Portu Agintaritzak bi taldetan banatu zituen bizilagunak: batetik, titulartasuna zutenak —jatorrizko langileak edo haien alargunak—, eta bestetik, titulartasunik ez zutenak. Lehenengo taldeko hiru familiek akordio ekonomiko bat onartu zuten urtarrilean, eta apirilaren 15erako etxea uzteko konpromisoa hartu zuten, Etxebizitza Sindikatuaren arabera, «presiopean».
Beste sei familiarentzat, aldiz, Portu Agintaritzak etxegabetzea eskatu zuen epaitegietan, «egoera prekarioan» bizi zirela argudiatuta. Epaileak arrazoia eman zion, bizilagunek etxean jarraitzeko titulurik ez zutela ebatzita, eta etxegabetzea baimendu zuen. Ekainaren 9rako ezarri zuen sei familia horiek etxegabetzeko eguna, baina bizilagunek lehenago utzi zuten etxea, eta alternatiben bila hasi ziren beren kabuz. Ordutik ez da inor bizi Herrera kaleko 10. eta 11. zenbakietan.
Pasaiako Portu Agintaritzak babestu egin du eraisketa, argudiatuta «beharrezkoa» dela obrei ekiteko. Erantsi du «funtsezko azpiegitura bat» eraikiko dutela bertan, 5,5 milioi euroko aurrekontua izango duena eta modua emango duena kamioien trafikoa eta karbono dioxidoaren emisioak gutxitzeko.
Bizilagunen kontura
Zehazki, portuko agintariek eta ETSk laurehun metroko trenbide bat egin nahi dute eremu horretan. Hala, portua eta Euskotren lotu nahi dituzte, Europatik datozen bobinak Durangora (Bizkaia) tren bidez bidaltzeko.
Etxebizitza Sindikatuak salatu izan du «baliabide publikoak etekin pribaturako erabiltzearen adibide bat» dela Escalerillas. Nabarmendu izan du Eusko Jaurlaritzak diru publikoz finantzatutako obra dela baina «interes pribatuak elikatzeko helburua» duela, hain zuzen Algeposa enpresaren kostu logistikoak murrizteko helburua.