Hasi dituzte Escalerillas eraisteko lanak. Asteburutik lanean dira hondeagailuak Pasaiako Herrera kaleko 11. eta 12. zenbakietan, etxe-bloke horiek behera botatzeko asmoz. Pasaiako Portu Agintaritzak agindu du eraisketa, eta, horrela, bide eman dio ETS Euskal Trenbide Sareari bertan egin nahi duen trenbidearen lanei ekiteko.
Hiru urteko borroka izan da, eta portuko agintaritzak aurrean izan ditu Escalerillaseko bizilagunak, herritarrak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Duela 60 urte inguru eraiki zituzten etxe horiek, portuan lan egiten zuten langile batzuk bizi ziren bertan. Gehienak hilda daude jada, eta haien alargunak bihurtu ziren etxearen titular. Beste kasu batzuetan, alargunak ere hilda daude, eta beraz, seme-alabek hartu zuten etxea haientzat, baina titulartasunik gabe. Horiek alternatibarik kaleratu zituzten, eta kalte ordainik jaso gabe, tasak eta berrikuntza lan guztiak ordaintzen zituzten arren.
Iazko abenduan ekin zioten bertako hamabi familiak kanporatzeko prozesuari. Horretarako, Pasaiako Portu Agintaritzak bi taldetan banatu zituen bizilagunak: batetik, titulartasuna zutenak —jatorrizko langileak edo haien alargunak—, eta bestetik, titulartasuna ez zutenak. Lehenengo taldeko hiru familiek akordio ekonomiko bat onartu zuten urtarrilean, eta apirilaren 15erako etxea uzteko konpromisoa hartu zuten, Etxebizitza Sindikatuaren arabera, «presiopean».
Beste sei familiarentzat, aldiz, portuak etxegabetzea eskatu zuen epaitegietan, «egoera prekarioan» bizi zirela argudiatuta. Epaileak arrazoia eman zion Portu Agintaritzari, bizilagunek etxean jarraitzeko titulurik ez zutela ebatzita, eta etxegabetzea baimendu zuen. Ekainaren 9rako ezarri zuen sei familia horiek etxegabetzeko eguna, baina lehenago ere utzi zuten haiek etxea, eta haien kabuz alternatibak bilatzen hasi. Ordutik ez da inor bizi Herrera kaleko 11. eta 12. zenbakietan.
Pasaiako Portu Agintaritzak babestu egin du eraisketa, argudiatuta «beharrezkoa» dela obrei ekiteko. Erantsi du «funtsezko azpiegitura bat» eraikiko dela bertan, 5,5 milioi euroko aurrekontua izango duena eta ahalbidetuko duena kamioien trafikoa eta CO2 emisioak gutxitzen.
Bizilagunen kontura
Zehazki, portuko agintariek eta ETSk 400 metroko trenbide bat egin nahi dute eremu horretan. Horrela, lotu egin nahi dituzte portua eta Euskotren, Europatik datozen bobinak Durangora (Bizkaia) tren bidez bidaltzeko.
Etxebizitza Sindikatuak salatu izan du «baliabide publikoak etekin pribatura bideratzen direnaren adibide» dela Escalerillas. Nabarmendu izan du Eusko Jaurlaritzak diru publikoz finantzatutako obra dela, baina «interes pribatuak elikatzeko helburua» duena, hain zuzen Algeposa enpresaren kostu logistikoak murrizteko helburua.