Pasaiako (Gipuzkoa) Escalerillaseko etxeen auzia fase kritiko batera iritsi da. Epaile batek onartu egin du beste sei familia behin-behinean etxegabetzea, bizilagunen errekurtsoa oraindik ebatzi gabe dagoelarik. Oraingoz ez dute zehaztu noiz kaleratuko dituzten bizilagunak, baina Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi du litekeena dela laster etxegabetzea.
Herrera kaleko 11. eta 12. zenbakietako blokeetan —Escalerillas deitzen zaie— hamabi familia bizi izan dira. Etxe horiek duela 60 urte inguru eraiki zituzten Pasaiako portuko suhiltzaile eta langileentzat. Denborarekin, hango maizter asko hil egin dira, eta zenbaitetan haien alargunak bihurtu dira etxebizitzen titular; beste batzuetan, berriz, ondorengoek bertan bizitzen jarraitu dute urte luzez, errenta eta mantentze gastuak ordainduta.
Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak merkantziak portutik eramateko trenbide bat egin asmo dute auzo horretan, 400 metro ingurukoa; zehazki, xedea litzateke Europatik Pasaiara iristen diren bobinak Durangora (Bizkaia) bidaltzea trenbide sarea baliatuta. Horretarako, Herrera kaleko 11. eta 12. etxeetan bizi diren hamabi familia kanporatzeko prozesuari ekin zioten abenduan.
Pasaiako Portu Agintaritzak bi taldetan banatu ditu bizilagunak: batetik, jatorrizko langileen edo haien alargunen etxeak, eta, bestetik, ondorengoenak. Lehen taldeko hiru familiek akordio ekonomiko bat onartu zuten urtarrilean, «presiopean», Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera. Akordio horren bidez, etxebizitzak 2026ko apirilaren 15erako uzteko konpromisoa hartu zuten.
Errekurtsoa ebatzi gabe
Beste sei familiari dagokienez, ordea, portuak etxegabetzea eskatu zuen epaitegietan, haiek «egoera prekarioan» bizi zirela argudiatuta. Donostiako epaitegian egindako ahozko epaiketaren ondoren, epaileak arrazoia eman zion Portu Agintaritzari, eta etxegabetzea baimendu zuen, bizilagunek etxean jarraitzeko titulurik ez dutela ebatzita.
Bizilagunen defentsak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta salatu auziaren muina ez zela aztertu. Sindikatuaren arabera, kasuan subrogazio tazituaren figura aplikatu beharko litzateke, familiak hamarkadetan etxe horietan bizi izan direlako eta errentak ordaindu dituztelako. Errekurtso hori oraindik ebatzi gabe dago.
Hala ere, Pasaiako Portuak eskatu du etxegabetzeak behin-behinean aurrera eramateko, eta epaileak eskaera onartu du. Sindikatuaren arabera, neurriak «kalte itzulezina» eragin dezake, etxeak eraitsi egingo liratekeelako eta familiek ez luketelako aukerarik izango etxera itzultzeko.