Amaitu da Escalerillaseko bizilagunen borroka. Donostiako Herrera kaleko 11. eta 12. zenbakietako blokeetan ez da inor bizi jada; Pasaiako Portu Agintaritzak bidea libre du etxeak eraisteko, eta ETS Euskal Trenbide Sareak ere bai bertan egin asmo duen trenbidearen lanei ekiteko. Epaile baten aginduz, biharko dago ezarria han bizi ziren azken sei familiak etxegabetzeko eguna, baina azken asteetan egin dute martxa haiek. Ez diete kalte ordainik ordaindu, ezta alternatibarik eskaini ere.
Zuen negozioaren aurrean, Escalerillas defendatu! zioten kamiseta urdinak soinean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta bizilagunek agerraldia egin dute gaur Pasaiako lonjako eskaileretan (Gipuzkoa). Lehenik, Jon Serrano bizilagunak hartu du hitza, eta argi utzi du etxeak «mehatxu eta presioen ondorioz» utzi dituztela, ez euren borondatez. Besteak beste, salatu du azken bi hilabeteetan segurtasun zaindari bat 24 orduz jardun dela blokea zelatatzen, «bizilagunak ikaratzeko», eta etxegabetze agindua epaitegietan jarritako azken helegitea ebatzi aurretik heldu dela.
«Gure auzokide batek 87 urte ditu, eta, orain, bizitza osoan bere etxea izan dena uztera behartu dute»
JON SERRANO Escalerillaseko bizilaguna
Escalerillaseko bizilagunek duela bi urte eta erdi jakin zuten Pasaiako Portuak asmoa zeukala eurak etxegabetzeko. Serranok kontatu du Escalerillas «etxebizitza bloke bat baino zerbait gehiago» izan dela, haien familiak 80ko hamarkadan heldu zirelako hara eta bertan jaio eta hazi direlako gehienak, portuarekin harreman estuan: «Gure auzokide batek 87 urte ditu, eta, orain, bizitza osoan bere etxea izan dena uztera behartu dute».
Portu Agintaritzak hasieratik izan duen jokabidea ere gaitzetsi du: «Denbora luzez ez ziguten informazio ofizialik eman, eta familietako batzuk ez dituzte maizter gisa onartu ere egin, nahiz eta hainbat hamarkadatan han bizi izan diren. Portuarentzat lanean eta etxebizitzen mantentze lanekin jarraitu zuten auzokideak dira, baina ez diete alternatibarik eskaini».
Bi urteko borroka
Escalerillaseko etxeak portuaren jabetzakoak dira. Duela 60 urte inguru eraiki zituzten, portuko suhiltzaileak eta familiak bertan bizitzeko, eta portuko beste langile batzuen etxe ere izan ziren. Orduko langile gehienak hilda daude, eta haien alargunak bihurtu ziren etxeen titular. Beste etxe batzuetan, baina, alargunak ere hil egin dira; seme-alabek eta familiek bertan bizitzen jarraitu dute orain arte, baita tasak eta berrikuntza lan guztiak ordaintzen ere, baina ez ziren etxeen titular. Horiek dira alternatibarik eskaini gabe kaleratu dituztenak: batzuk gurasoen etxera joan dira, beste batzuek alokairu bat topatu dute...

Azken bi urteetan, etxebizitza sindikatuarekin antolatuta egin dute lan. Antolatu dituzte mobilizazioak, asanbladak, elkartasun jardunaldiak eta denetariko protesta ekintzak, auzitara jo dute, inplikatutako erakundeekin eta eragileekin elkartu dira, eta, helburu nagusia erdietsi ez duten arren —Escalerillasen geratzea—, borrokak eman ditu fruituak. Titularrek —gehienak adineko emakumeak— lortu dute hasieran eskaini zizkieten konpentsazio ekonomiko «irrigarriak» hobetzea, eta urtarrilean onartu zuten akordioa, «presiopean», sindikatuaren arabera. Martxoan utzi zituzten 60 urtean baino gehiagoan etxe izan zituztenak.
Prozesu judizialari aurre egin dioten sei familiak izan dira Escalerillasen geratu diren azkenak. Hilabete ugari eman dituzte epaitegietan borrokan, eta oraindik ebazteko dago aurkeztu zuten errekurtso bat, baina Pasaiako Portuak etxegabetzeak behin-behinean gauzatzeko eskatu zuen, eta eskari hori onartu du epaileak.
Algeposarentzako trenbidea
Pasaiako Portu Agintaritzak eta ETSk merkantziak portutik eramateko trenbide bat egin asmo dute Herreran, 400 metro ingurukoa; zehazki, xedea litzateke Europatik Pasaiara iristen diren bobinak Durangora (Bizkaia) bidaltzea trenbide sarea baliatuta.
Unai Moriones sindikatuko kideak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak diru publikoz finantzatutako obra bat dela, baina «interes pribatuak elikatzeko helburua» duela, zehazki Algeposa enpresaren kostu logistikoak murriztekoa. «Hitz gutxitan, diru publikoa erabiliko dute enpresen interesei men egiteko, urteetan portuaren jarduna sostengatu dutenen etxe eskubidea arriskuan jartzearen kontura», laburbildu du. «Orain, behar ez dituztenean, handik kanpo nahi dituzte».
«Diru publikoa erabiliko dute enpresen interesei men egiteko, urteetan portuaren jarduna sostengatu dutenen etxe eskubidea arriskuan jartzearen kontura»
UNAI MORIONES Etxebizitza Sindikatu Sozialista kidea
Morionesen arabera, «baliabide publikoak etekin pribatura bideratzen direnaren adibide» da Escalerillas: «Milioika euro jarriko dituzte azpiegitura eraikitzeko; lurzoru publikoa utziko dute; baliabide gehiago erabili behar izan dira etxegabetzeak judizializatzeko; eta, hori nahikoa ez, eta milaka euro xahutu dituzte eguneko 24 orduetan segurtasun zaindariak jartzeko. Hori guztia, helburu bakarrarekin: langile klasearen kontura enpresarien irabaziak babestea».
Horregatik, erantzule zehatzak seinalatu ditu: «Pasaiako Portu Agintaritza da etxegabetzeak bultzatu dituena; ETS da azpiegituraren eraikuntzaz arduratuko dena; eta Algeposa enpresa izango da obra horren onuradun nagusia».
Amaitzeko, Serranok eskerrak eman dizkie babesa helarazi dieten herritarrei eta bereziki, «bihotzez», sindikatuko kideei. Gogorarazi du Escalerillaseko etxebizitza bakoitzaren atzean «pertsonak, istorioak eta hamarkadetako lana» dagoela, eta «bidezko borroka oro denboran irauten duen borroka» dela.