Ezberdintasunak ezberdintasun, orokorrean, duela sei hilabete baino hobeto daude Gipuzkoako enpresak, eta datorren urteari begira ere, baikorragoak dira. Bost enpresatik bat ari da iaz baino gutxiago saltzen, eta enpresen %42 ari dira fakturazioa handitzen, Gipuzkoako Ganberak urrian egindako inkestaren arabera. «Baina enpresek ondo erantzuteak ez du esan nahi zailtasunak ez dituztenik», ohartarazi du ganberako presidente Mauricio Arregik.Â
Sei hilabetean behin egiten die enpresei galdetegia Gipuzkoako Ganberak, apirilean eta urrian. Apirilean, enpresen %28 ari ziren salmentak handitzen, eta, orain, ehuneko hori handitu egin da eta %42 dira. Halaber, %30 ari zen fakturazioa txikitzen, eta orain bederatzi puntu gutxiago dira.Â
Datorren hamabi hilabeteei erreparatuz, zertxobait hobetu dira enpresen aurreikuspenak: %31tik %38ra igaro da salmentak handitzea espero duten enpresen kopurua; bere horretan geratu dira fakturazioa mantentzea espero dutenak —enpresen erdiek espero dute hori—; eta %20tik %15era jaitsi da salmentak txikitzea espero dutenak. Beraz, Gipuzkoako enpresen %85 salmentak handitzea edo mantentzea espero dute.
«Enpresek bilakaera positiboa izan dute 2026an, eta joera horrek jarraipena izango duela adierazi dute 2027rako aurreikuspenetan, nahiz eta aldea egon sektoreen artean», adierazi du Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiak. Zerbitzuen sektorean handitu da jarduera gehien, eta datorren urterako enpresa guztien %7k baino ez dute espero fakturazioa txikitzea, nahiz eta haztea ere erdiek baino gutxiagok aurreikusten duten.
Merkataritzaren alorrean, «bi errealitate» daudela nabarmendu du Zubiak: «Saltoki batzuek zailtasunak dituzte. Tokiko merkataritzak erronka handiak ditu plataforma eta kate handien jarduna dela eta. Baina, aldi berean, beste saltoki batzuk gauzak oso ondo egiten ari dira, eta hazten ari dira».
Industria, hobetzen
Gipuzkoako ekonomiaren erdia baino gehiago hartzen dute merkataritzak eta zerbitzuek, baina beste sektore batek ere pisu handia du: industriak. Ekonomiaren %30 inguru hartzen du Gipuzkoan. Bertan, enpresen %40 salmentak handitzen ari dira, eta kopuru hori mantentzea espero dute datorren urterako. Aldiz, lautik bat ohi baino salmenta txikiagoak izaten ari da, baina espero dute datorren urterako enpresen kopuru hori %15era murriztea.
«Kontua ez da Europari begiratzeari uztea, baizik eta beste merkatu batzuei ere begiratzea»
MAURIZIO ARREGI Gipuzkoako Ganberako presidentea
Enpresek espero baino gehiago esportatu dute, eta ia enpresen erdiek handitu dituzte esportazioak. Bereziki industrian du arlo horrek garrantzia, eta enpresen %49k espero dute aurten baino gehiago esportatzea datorren urtean.
Horren inguruko gogoeta egin du Arregik, eta adierazi gorabidean dauden merkatuak esploratu behar direla: «Enpresak gero eta lehiakorragoak izateko zera behar dute: ingurua ere lehiakorra izatea. Munduko hazkunde ekonomikoaren mapa aldatzen ari da, eta gure enpresek oso presente eduki behar dute aldaketa hori».
Esan du Nazioarteko Diru Funtsaren azken aurreikuspenen arabera, %3,4 haziko dela munduko ekonomia datorren urtean; baina datu horren atzean hainbat errealitate daudela: «Eurogunea apenas %1,2 haziko den; Asiako ekonomia emergenteek, berriz, %4,9 egingo dute gora, hau da, lau aldiz gehiago, eta bereziki Indian eta Asia hego-ekialdean. Kontua ez da Europari begiratzeari uztea, baizik eta beste merkatu batzuei ere begiratzea».
%84Zenbat enpresak eutsi dioten lantaldeari edo handitu egin duten. Enpleguaren alorrean ondo dabiltza Gipuzkoako enpresak. Aurten, lantaldeei eutsi diete edo lantaldea handitu dute enpresa guztien %84k. Eta aurreikusten dute datorren urterako ere joera hori mantentzea: konpainien %69k espero dute lantaldea mantentzea 2027an, %20k handitzea, eta %11k txikitzea.
Dena den, Gipuzkoako enpresek badakite ere egoera positiboak hanka motzak izan ditzakeela. Egoera globalari buruzko kezka zabaldua dago konpainietan, eta soilik bost enpresatik batek uste du testuinguruak hobera egin duela azken sei hilabeteetan. Aldiz, %81ek uste dute bere horretan mantendu edo okerrera egin duela.
Eta horrek eragina du enpresen inbertsioetan. Industrian, merkataritzan eta zerbitzuetan, aurreikusi dute aurten baino gutxiago inbertituko dutela 2027an. Industrian, zehazki, enpresa guztien %42k handitu dituzte inbertsioak aurten, eta datorren urtean %31k handitzea espero dute; merkataritzan %20k handitu dituzte inbertsioak aurten, eta %8 da 2027ko aurreikuspena; eta zerbitzuetan, %42 aurten, eta %29koa espero dute 2027an. Hortaz, litekeena da inbertsioek behera egitea.
Arregik esan du enpresek egoera gero eta exijenteago bati aurre egin behar diotela. Ziurgabetasuna handia da oraindik ere, eta enpresentzat erronka handia diren faktore batzuk ere zerrendatu ditu: «Tentsio geopolitikoak, teknologiaren azelerazioak —batez ere adimen artifizialaren alorrean—, lehia globalaren areagotzeak, pertsonen eta talentuaren eskasiak, eta energia eskuragarri izateko beharrak gero eta exijenteagoa den egoera dakarte enpresentzat».