Hondarribiko alarde baztertzailearen aldekoek utzi egin dute konponbiderako elkarrizketa prozesua

Udalak, Jaizkibel konpainia parekideak eta HAOSEk parte hartu dute, Baketiken bitartekaritzarekin. Urtebete baino gutxiago iraun du.

Jaizkibel konpainia, iazko alardean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jaizkibel konpainia, iazko alardean. AITOR KARASATORRE / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko abuztuaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hondarribiko (Gipuzkoa) alardearen gatazka konpontzeko zubi gutxi daude, eta bat gutxiago dagoela jakin da gaur: HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak —alarde baztertzailearen antolatzaileak— utzi egin zuen udalak HAOSErekin berarekin eta Jaizkibel konpainia parekidearekin abiatutako bitartekaritza prozesua. Baketik Fundazioa zen bitartekaria prozesu horretan.

Irailaren 8an izango da Hondarribiko alardea. Udalak, bi aste lehenago, urtean zehar gatazka konpontzeko egindako urrats batzuen berri eman du, eta jakinarazi du bitartekaritza prozesua hankamotz geratu dela. Udalaren esanetan, iazko alardea amaitu eta aste batzuetara, urriaren 2an, udalak, Jaizkibel konpainiak eta HAOSEk hitzarmen bat sinatu zuten. Zertarako? «Alardearen inguruko gatazka sozialean elkar ulertzea eta konponbide partekatuak bilatzeko bitartekaritza prozesu bati ekiteko».

Bi aldeko elkarrizketak

Halako prozesu bat bideratzeko, udalak Baketik Fundazioarengana jo zuen. Udalak nabarmendu du Baketikek urteak daramatzala Hondarribian lanean eta eskarmentua duela alardearen inguruan dauden elkarrizketa gune ezberdinetan: bozeramaileen mahaian, erakundeen artekoan edota gizarteko topaketetan. Jaizkibelek eta HAOSEk onartu zuten Baketiken bitartekaritza.

Baketik Fundazioak bideratuta, bi aldeko elkarrizketak egin zituzten: bi bilera udalaren eta Jaizkibelen artean eta beste bi bilera udalaren eta HAOSEren artean. Jaizkibelen eta HAOSEren arteko bilerarik ez. Prozesuaren «hasiera fasea» zela zehaztu du udalak.

Erakundeak uste du «aurrerapenak» izan zirela bilera horietan. Ez ditu zehaztu. Bilera horiek egin eta gero, HAOSEk udalari jakinarazi zion utzi egingo zuela bitartekaritza prozesua. Udala «arduratuta» dago, «eraikitzen ari baitziren alardearen auzian egoera hobetu zezaketen bideak». Gehitu du «eragile bakoitzarekin» bildu dela, «egoera argitzeko eta hitzarmenarekin sortu zen prozesua zaintzeko». Udalak berriro ere elkarrizketak hastea nahi zuen, baina onartu du ez duela lortu.

Gaineratu du konponbide bat lortzeko bidean jarraituko duela. Udalarentzat «beharrezkoa» da elkarrizketaren alde egitea, «nahiz eta une jakin batzuetan elkarrizketarako baldintzak zailak izan». «Helburua», jarraitu du, «elkarrizketarako aukerak sortzea, alde guztien jarrerak entzutea eta etorkizunean konponbide partekatu baterako bidea egitea da».

Partekatu egin du Baketikek bitartekaritzaz egindako gogoeta bat. Baketiken arabera, prozesuan egindako urratsek «erakusten dute iraganean izandako tentsio egoeretatik aldatzeko eta aurrera egiteko borondatea badagoela». Eragileek, «beren desberdintasunez harago», ikusten dute «alardearen egoerak komunitatean dituen ondorioak lantzeko beharra».

Gutxieneko akordiorik ez

Borondatea eta premia partekatuta ere, emaitzarik ez. Hondarribian abian daude udal taldeen mahai bat, erakundeen arteko beste bat, herritarrekin solasaldiak antolatzeko dinamika bat eta berariaz gazteekin aritzeko beste bat. Igor Enparan alkateak ekainaren amaieran BERRIAn onartu zuen elkarrizketa bultzatuta ere, emaitzak etsigarriak izan direla: «Hiru urte hauetan ez dugu topatu gutxieneko akordio baterako oinarririk, elkarrizketa franko egin ditugun arren. Eta batuko gaituen punturik gabe zaila da bide orri bat irudikatzea. Saiatu gara, saiatzen ari gara eta jarraituko dugu».

Udala herritarrei zuzendu zaie, etan esan die alardeko gatazka konpontzeko prozesua ez dela soilik gizarte eragileen artekoa. Eragileen rolaz gain, «ezinbestekoa» iruditzen zaio herritarren parte hartzea: «Hondarribian bizi garenon ahotsa eta ikuspuntua ere gatazkaren konponbidearen bidean gehitzeko».

Irailaren 8an izango da alardea. Udalak lasaitasuna, erantzukizuna eta errespetua eskatu ditu.  

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA