Instalatu dituzte jada Donostiako protoi terapiaren zentro berriko tresnarik garrantzitsuenak

Asteartean hasi ziren beso robotikoa instalatzen, eta gaur amaitu dute. 2027an kalibrazio eta proba fasean sartuko da zentroa, eta 2028 hasieran prest egotea espero dute.

Beso robotiko berriaren instalazioa, asteartean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Beso robotiko berriaren instalazioa, asteartean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 12a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxinaka aurrera doa Donostiako Unibertsitate Ospitalearen ondoan egiten ari diren protoi terapiako unitatea. Amancio Ortega enpresari eta milioidun galiziarrak bere fundazioaren bidez dohaintzan emandako zentroa da, eta gaur amaitu dute gantry izeneko ekipoaren instalazioa. Asteartean hasi ziren instalazioa jartzen, eta adierazi dute konplexua izan dela, baina amaitu dute jada: 90 tonako pisua duen beso robotikoa da.

Protoi terapiaren zentroko ekipamendu teknologiko garrantzitsuenetarikoa da, eta uste dute 2027rako protoi terapiako zentroa kalibrazio eta proba faseetan sartu ahal izango dela. Hala, aurreikusi dute 2028 hasieran jada martxan egon ahalko dela zentro berria. 61,3 milioi euroren inbertsioa beharko du zentroak guztira, eta 8.000 metro karratu izango ditu. 2024 hasieran aurkeztu zuten proiektua, eta adierazi zuten 2026rako martxan egongo zela, baina azkenean beranduago jarriko dute martxan.

Zer da protoi terapia?

Minbizi batzuk tratatzeko terapia moderno bat da protoi terapia. Labur azalduta, erradioterapia teknika berri bat da, partikulak erradiatzen dituelako, baina protoiak erabiltzen dituzte, eta ez fotoiak.

Protoien eta fotoien arteko ezberdintasun nagusia energia askatzeko garaian dago. Fotoiek eta elektroiek sakonera tarte handi batean igortzen dute energia; hasieran, batez ere. Protoiei eta bestelako ioi pisutsuagoei dagokienez, berriz, ibilbidearen lehen partean energia gutxi bidaltzen dute, baina puntu jakin batera iristean ia energia guztia askatzen dute sakonera txiki batean. Ondoren, asko murrizten da igortzen duten energia kantitatea, berehala hutsera iritsi arte. Energia gehien askatzen den puntu horri Braggen erpina deitzen zaio, William Lawrence Bragg zientzialari britainiarrari erreferentzia eginez.

Hala, teknika horrekin egindako terapiekin, tumorera iritsi aurreko ehunetan ez da apenas irradiaziorik uzten, eta energia ia guztia minbizian askatzen da. Ostera, erradiazio dosia ia hutsera jaisten da berehala; hala, atzeko ehunek ere ez dute ia erradiaziorik jasotzen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA