Atzo egindako prentsaurreko batean, Donostiako alkate Jon Insaustik hizpide izan zuen, besteak beste, hirian merkataritzarako erabiltzen diren lokalak etxebizitza bihurtzeko 2011n onartu zen ordenantza: hain zuzen, izen ofizialez, etxebizitza erabilera bizitegi eraikinetako solairuetan nola ezarri eta lehengo etxebizitzak nola banatu arautzeko udal ordenantza. Haren emaitzak azaldu ditu alkateak, eta esan du ordenantza hori aldatuko duela Donostiako Udalak, tresna hori «gaur egungo garaietara askoz egokituagoa» egon dadin, eta hirian «etxebizitza berriak lortzeko». Horretarako, Insaustik dio datozen egunetan kontsulta publiko bat egingo dutela, Donostian zer «sentipen» dagoen jakiteko.
Donostian dauden merkataritza lokalen inguruko datuak bildu ditu Etxebizitza Behatokiak —otsailean sortu zuen udalak—. Tresna horren bitartez egindako ikerketaren arabera, Donostian 35 metro karratu baino gehiago dituzten 5.494 lokal daude beheko solairuetan, eta horietatik 860 hutsik daude. Egoera horretan dauden lokal gehienak hiriaren ekialdeko auzoetan daudela esan du Insaustik, hala nola Altzan, Intxaurrondon eta Martutenen. 2011ko ordenantzaren emaitzak ere azaldu ditu. Alkateak dio ordenantza hori indarrean dagoenetik 133 lokal bihurtu direla etxebizitza, eta iruditzen zaiela «goia jo» dutela. Gehitu du beharrezkoa dela aztertzea zergatik ez den izan hazkunde handiagoa.
Hutsik dauden 860 lokalei dagokienez, Insaustik dio horiek izango duten erabileraren inguruan hitz egin behar dutela oraindik: «Etxebizitzak sortzea aukera bat da, baina pentsatu behar dugu ea lokal guztiek etxebizitza izan behar duten. Uste dut koherenteak izan behar dugula eta oreka bilatu behar dugula, hutsik dauden lokalak oraindik erabil daitezkeelako merkataritzarako».
Lokal pribatuak, etxe tasatuak
Hutsik dauden lokalen inguruan gauza bat argitu du Insaustik: lokal horiek titulartasun pribatukoak direla, eta lokala etxebizitza bihurtzeko aldaketa hori lokalaren jabeak egin behar duela. Udalak aldaketa hori sustatu eta erraztuko duela dio Insaustik, eta ordenantza «askoz malguagoa» izango dela aldaketa hori egiteko. Horrez gain, alkateak esan du etxebizitza horiek tasatuak izatea litzatekeela «zentzuzkoena». «Ez ditugu lokal komertzialak etxebizitza bihurtuko, gero horiek merkatu librerako izan daitezen. Hiriko klase ertainei zuzendu nahi gatzaizkie, gehiengo soziala eta langilea baitira», adierazi du.
Etxebizitzarena «belaunaldi erronka» dela nabarmendu du Insaustik, eta «bultzada handi bat» emango diotela aurkeztu duten aldaketaren bitartez. «Aukera erreal guztiak erabili nahi ditugu, askotariko lekuak etxebizitza bihurtzeko», azpimarratu du.
Ekinbide bat
Gaur goizean Donostian egin duten politika orokorrari buruzko osoko bilkuran, Insaustik iragarri du Geure Dendak izeneko ekinbidea martxan jarriko dutela. Merkatari elkarteekin eta instituzioekin elkarlanean sustatu nahi dute ekinbide hori, merkataritza babesteko eta indartzeko, auzoei «bizitza, identitatea eta nortasuna» ematen baitie jarduera horrek.
Alkateak azaldu duenez, ekinbide horrek merkataritza lokalak alokatzeko eta erosteko formulak aztertuko ditu, Donostiako saltokiak «babesteko».