Komikigintza

Patxi Huarte 'Zaldieroa' omenduko dute Hernanikomik azokan

Bihartik zabalik egongo da euskal komikiari eskainitako azoka. Bi egunez, komiki aurkezpenak, marrazkilariek lagundutako bertso afaria, erakusketa bat eta zuzeneko marrazketa saio bat bilduko ditu.

Patxi Huarte 'Zaldieroa' artxiboko argazki batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Patxi Huarte 'Zaldieroa' artxiboko argazki batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Abarrategi
2026ko azaroaren 18a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal komikiaren plaza nagusia izango da hurrengo bi egunotan Hernaniko Atsegindegi plaza (Gipuzkoa). Bosgarren aldia du aurten Hernanikomikek, euskaraz egindako istorio grafikoei eskainitako azokak. «Hemen, euskal komikigileak ez gara kuotak: nagusi gara», azpimarratu du Dani Fano komikigile eta Hernanikomiken antolatzaileak.

Aurten Patxi Huarte Zaldieroa omenduko du Hernanikomikek, hark jasoko baitu azokaren Joseph Camino saria. Fanok adierazi du bazela garaia Huartek komikigintzan aitorpena jasotzeko, haren ustez komikigilea baino askoz gehiago baita: «Bineta bidez zabaltzen du bere pentsamendua, sintetizatuta». Hori dela eta, azaroaren 9tik 25era Huarteren ibilbidearen erakusketa bat jarriko dute Hernanin bertan, Biteri kultur etxean. 

Hernanikomik udalarekin batera sortutako egitasmo bat da. Kultura zinegotziak, Aitor Huizik, nabarmendu du «oraintxe euskarazko komikiari eskainitako plaza bakarra» dela Hernanikomik. 

Egitarau zabala izango du egitasmoak. Azoka bihar irekiko dute, 11:00etan. Han izango dira ikusgai, besteak beste, Elkarren, Harrieten eta Xabiroiren postuak.

Arratsaldez komikien aurkezpenak egingo dituzte, eta bertan izango dira egileak. Lehen egunean bost aurkezpen egingo dituzte: haien artean, Saioa Maritorenaren Zeruaren margolaria lana eta Jon Alonsoren Itsasoaren ahutzak. Etzi, berriz, sei aurkezpen egingo dituzte, eta bertan izango dira, esaterako, Ainara Azpiazu Axpi egilea Karakola eta barea komikiarekin eta Gregorio Muro eta Carlos Varela Odol guztiak burdin gustua du lanarekin. 

Egitarauak beste zenbait ekintza ere bilduko ditu; zuzeneko marrazketa, omenaldia eta erakusketa bat, esaterako. Azoka girotzeko asmoz, bertso afari marraztua ere izango da bihar Santa Barbara elkartean. Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendik egingo dute bertsotan, marrazten Amaia Carrere eta Exprai izango dira, eta gai jartzaile, berriz, Asisko Urmeneta.   

Hazten ari den genero bat

Euskal komikigintzak aurrerapausoak eman ditu azken urteetan. Fanok aitortu du duela hogei urte euskal komikigintza ez zela batere oparoa: «Garai hartako azoka askotan euskararen kuota betetzen genuen». Oraingo egoera, aldiz, desberdina da. «Zorionez, urte hauetan hazi egin da euskarazko komikia, egile kopurua, urtero argitaratzen dena eta komikia argitaratzen duten argitaletxeen kopurua». 

Hernanikomik bada aldaketa horren erakusle. Fanoren esanetan, lehen ez zuten hautaketa bat egiteko adina komiki; orain, aldiz, egitaraua osatzea «buruhauste» bihurtzeko adina ekoizpen dago. 

EGITARAUA

Bihar:

  • 11:00. Azokaren irekiera. 
  • 11:30. Egunaren adinak. Elkarrizketa tailerra. Maite Gurrutxaga
  • 17:00. Irekiera VII. komiki lehiaketaren sari banaketa. Dobera euskara elkartea.
  • 17:30-19:30. Komiki aurkezpenak egileekin.
  • 21:00. Bertso afari marraztua.

 

Etzi:

  • 11:00. Azokaren irekiera.
  • 12:00. Joseph Camino sariaren banaketa: Patxi Huarte Zaldieroa-ri.
  • 12:30. Dzirt-dzart zuzeneko marrazketa saioa. Asisko, Eider Eibar. Gidaria: Axpi. 
  • 17:00-19:30. Komiki aurkezpenak egileekin.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA