Larunbatetik aurrera, Renferen erabiltzaileek Hernani eta Irun arteko ibilbidea trenez egin ahal izango dute beti

Azken hilabeteetan, egun eta ordu jakin batzuetan, bidaiariek autobusez egin dute tarte hori. Ordutegi berriak izango dira, eta aldiriko trenen maiztasun handiagoa.

Renferen tren bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Renferen tren bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 29a
12:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun gutxi falta dira Renferen aldiriko trenen erabiltzaileek Hernani eta Irun arteko ibilbidea berriro normaltasunez egiteko, bi noranzkoetan. Izan ere, Renfek iragarri du larunbatetik aurrera tarte hori trenez egin ahal izango dela, asteko egun eta ordu guztietan. Ordutegi berriak izango dira, eta aldiriko trenen maiztasuna handiagoa izango da. 

Azken hilabeteetan, bidaiari askok Renfek jarritako autobusak erabili dituzte Hernani eta Irun arteko ibilbidea egiteko. Ostiralean, larunbatean eta igandean, tarte hori beti autobusez egin behar izan dute azkenaldian. Horrez gain, Hernani eta Irun arteko ibilbidea egiteko autobusak erabili behar izan dira astelehenetik ostegunera bitartean, arratsaldeko zerbitzu gehienetan. Aipaturiko tartean tren zerbitzua eteten dute, abiadura handiko trenbidearen sarea osatzeko lanak direla eta. 

Ordutegi berriak hasten direnerako, Renfek gomendatu du bidaia hasi aurretik ordutegi eguneratuak kontsultatzea, haien informazio kanalen bitartez.

Makinisten greba, gaur

Gaur ere Renferen aldiriko trenen erabiltzaileek ezohiko eguna izango dute; izan ere, Semaf Espainiako makinisten sindikatuak greba antolatu du, eta Renferen aldiriko trenetan gutxieneko zerbitzuak jarri dituzte. 

Greba antolatuko zutela iragarri zutenean, sindikatuak salatu zuen «blokeo administratiboa» dagoela hainbat arlotan sinatu dituzten akordioetan; besteak beste, trenbide segurtasunean, larrialdi meteorologikoetarako protokoloetan eta makinista berrien kontratazioan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA