Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du azaroaren 11n familia bat etxegabetu nahi dutela Gipuzkoako hiriburuko Larratxo auzoan. Familiako kideen artean bi adingabe daude, eta gurasoetako batek osasun arazoak ditu —ebakuntza baten zain dago—. Sindikatuaren arabera, egoera horretan egonda ere, erakundeek ez diete beste bizitokirik eskaini.
Hego Euskal Herrian greba orokorra egitekoa duten egunean etxegabetu nahi dute familia, eta, hain justu ere, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi du horrek agerian uzten duela etxebizitzaren arazoa «larria» dela, eta horri aurre egiteko premia dagoela. Sindikatuko kideek agerraldi batean adierazi dute lanean segituko dutela familiak bere etxean jarrai dezan; halaber, etxegabetze guztiak eteteko eskatu dute.
Hala, familiaren kasua salatzeko eta auzoan antolatzeko deia egin du sindikatuak. Azaroaren 4an, asanblada irekia egingo dute Larratxoko plazan, 18:00etan, etxegabetzearen inguruan hitz egiteko. Halaber, bihar zortzi, hau da, azaroaren 6an Amara, Egia eta Antigua auzoetan egingo diren etxebizitza asanbladetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.Â
Arazoaren muinean, espekulazioa
Donostiako ekialdeko auzoetako etxebizitza egoeraren berri ere eman dute gaurko agerraldian. Jakinarazi dutenez, aurten etxegabetzeekin lotutako 29 kasutan esku hartu dute denera Altzan eta Bidebietan, eta tartean hamalau adingabe egon dira. Askotariko arazoak aurkitu dituzte horietan: abusuzko klausulak, erroldarik edo kontraturik gabeko alokairuak, etxebizitza berralokatuak, logela bakarrean bizi diren familiak eta kontratua amaitu zaielako etxegabetzeko arriskuan dauden maizterrak, besteak beste.
Sindikatuak nabarmendu duenez, hiriko diru sarrera apalenetako auzoetakoak dira kasu horietako asko. INE Espainiako Estatistika Institutuaren 2024ko datuen arabera, Larratxon eta inguruan gutxi gorabehera 16.000 eurokoa da batez besteko errenta. Sindikatuaren esanetan, Larratxoko familia askoren diru sarrerak Donostiako gainerako familienak baino %22 apalagoak dira, eta, horrenbestez, zailtasun handiagoak dituzte bizitzaren garestitzeari eta alokairuen prezioei aurre egiteko.
Prentsaurrekoan azpimarratu dute Donostian ohiko bizileku gisa erabiltzen ez diren 13.000 etxebizitza inguru daudela, tartean etxebizitza turistikoak, hutsik daudenak eta inbertsio funtsen esku daudenak. Horren harira, salatu dute etxegabetze askoren atzean etekin ekonomikoa handitzeko asmoa dagoela.
Donostiako Udalaren eta EAJren jarrera ere kritikatu dute. Sindikatuaren arabera, alderdi politikoek etxebizitzaren krisiari aurre egiteko neurriak iragarri eta promesak egiten dituzte, baina ez diote heltzen arazoaren erroari. EAJri eta haren gobernukide PSE-EEri leporatu diete etxebizitzaren negozioa lehenestea, eraikuntzaren eta turismoaren sektoreetako interesak horretarako argudiotzat erabilita.
Hain zuzen ere, Jon Insausti Donostiako alkateari aurpegiratu diote babesa eman izana 236 etxebizitza eraikitzeko lehiaketa publiko bat Amenabar enpresaren esku uzteari. Sindikatuaren arabera, enpresa hori «Espainiako Estatuko» berrehun aberatsenen artean dago. Era berean, lokalak etxebizitza bihurtzeko proposamena kritikatu dute: ohartarazi du etxebizitza eskuragarri eta bermaturik ez duten herritarrek jo behar izaten dutela horrelako aukeretara, eta horrek ez duela espekulazioaren arazoa konpontzen.
Arrigorriagan ere kaleratze bat, bihar
Aste hasieran Batu etxebizitza sindikatuak jakinarazi zuen Arrigorriagako (Bizkaia) bizilagun bat eta haren alaba adingabea bihar goizean etxegabetuko dituztela, eta gaur esan du etxegabetze agindu horrek indarrean jarraitzen duela. 08:30erako egitekoa dute etxegabetzea, Abusu auzoan, eta sindikatuak bizilagunei dei egin die bertaratu daitezen.