'Superra'-ren aurrestreinaldia Azpeitian egingo dute, hilaren 28an

Hurrengo egunean Primeran plataforman estreinatuko dute umorezko fikziozko lana. Zortzi atal ditu.

'Superra' umorezko fikzioaren lantaldea, Azpeitian. ETB
'Superra' umorezko fikzioaren lantaldea, Azpeitian. ETB
urtzi urkizu
2026ko urriaren 22a
12:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia dira urriaren 29an EITBren Primeran plataforman estreinatuko duten Superra telesailaren hiru protagonista nagusiak. Haiekin batera, fikzio berri horretan beste lagun hauek azalduko dira: Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Ainere Tolosa, Telmo Irureta, Ugaitz Alegria, Libe Aranburu, Erika Olaizola eta Mikel Ibarguren. Onintza Enbeita bertsolari eta BERRIAko zutabegilea eta Oinatz Bengoetxea pilotari ohia ere agertuko dira euskarazko fikzio horretan. Anjel Alkainek eta Jon Garatek zuzendu dute ekoizpena.

EITBren Primeran plataforma digitalean estreinatu aurretik, «aurrestreinaldi handia» iragarri du EITBk, Azpeitiko Soreasu antzokian (Gipuzkoa). Protagonisten, gainerako lantaldearen eta gonbidatu berezien aurrean egingo dute emanaldia. Azpeitian grabatu zuten telesaila, otsailean eta martxoan; eta, hain zuzen ere, herritarrek eta bertara doazenek aurrenekoz ikusteko aukera izango dute. Ekoizpenak zortzi atal ditu, eta lehen hirurak proiektatuko dituzte urriaren 28ko ekitaldian. 18:45ean hasiko da tapiz gorriko ekitaldia; eta 19:30ean izango da emanaldia. Ekitaldira joateko gonbidapenak eskuragarri daude oraindik.

Herri euskaldun bateko negozio familiar txiki baten istorioak kontatuko ditu Superra telesailak. Karmelo (Anjel Alkain) eta Luixito (Iker Galartza) anaiak dira Super Manterola izeneko dendaren arduradunak, Bakartxo (Aitziber Garmendia) ilobarekin batera.

Karmelo eta Luixito beteranoak dira, profesionalak eta lanerako gogotsu daudenak. Baina alboan supermerkatu kate handi bat zabaldu dute, eta horrek hainbat buruhauste eta liskar sortuko dizkie. Dena den, sinetsita daude herriko negozio txikiak hobeak direla, eta Euskal Herriko supermerkaturik onena izateko gogoz lan egiten dute bertako langileek: dream-team ederra osatzen dute. Protagonistek izango duten gehiegizko motibazioarekin eta gertatuko zaizkien egoerekin, momentu surrealistak eta umoretsuak biziko dituzte.

'Superra' telesailaren trailerra.

 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA