Alkain urrian itzuliko da ETBra

EITBk datorren udazkenean estreinatuko du Anjel Alkain umoristaren telesail berria: 'Superra'. Denda txiki baten istorioak kontatuko dituzte bertan.

'Superra' umorezko telesaileko aktoreak. EITB
'Superra' umorezko telesaileko aktoreak. EITB
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritar eta ikus-entzule euskaldun askoren galdera izan da azkeneko urteetan: «Noiz itzuliko da Anjel Alkain ETBra?». Iritsi da, bada, ordua: urrian estreinatuko dute ETBk eta Primeran plataformak umorista eta aktore eskarmentudunak sortutako fikzio berria. Superra du izena saioak, eta grabaketak otsailean eta martxoan egin zituzten Azpeitian (Gipuzkoa).

Herri euskaldun bateko negozio familiar txiki baten istorioak kontatuko dituzte Superra telesailean. Alkainek Jon Garate gidoilariarekin batera sortu du istorioa; gidoiak idazten ere taldeko beste aktore batzuen laguntza izan dute. Super Manterola du izena istorioak gertatzen diren dendak. Karmelo eta Luixito anaiak dira dendaren arduradunak, Bakartxo ilobarekin batera. Hiru pertsonaia horiek Iker Galartzak, Aitziber Garmendiak —abuztuaren 7an Netflix plataformaren Muertos S.L. telesailaren laugarren eta azkeneko denboraldian azalduko da— eta Alkainek berak interpretatuko dituzte. Haiekin batera, aktore taldean ariko dira Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren eta Ainere Tolosa. Onintza Enbeita bertsolari eta BERRIAko Berben poza eguneroko zutabearen egileak ere pertsonaia bat jokatuko du.

EITBk iragarri du «une surrealistak eta komikoak» izango direla telesailean. Karmelo eta Luixito beteranoak dira, profesionalak, eta lanerako gogotsu daude. Baina alboan supermerkatu kate handi bat zabaldu dute, eta horrek hainbat buruhauste eta liskar sortuko dizkie. Dena den, sinetsita daude herriko negozio txikiak hobeak direla, eta Euskal Herriko supermerkaturik onena izateko gogoz lan egiten dute bertako langileek. Motibazio handiz ariko dira Super Manterola dendan, eta era guztietako bizipenak izango dituzte.

Badira urte batzuk Alkain protagonista duen umorezko saio edo telesail berririk estreinatu ez dela. 2024ko udazkenean, Alkainek eta Superra-n ariko diren aktore batzuek bazuten proiektu bat Primeran plataformarako. Sagardotegi batean girotutako umorezko fikzio bat zen. Baina Primeran plataformaren gidaritzan aldaketa batzuk izan ziren, eta egitasmoa bertan behera gelditu zen. 

Garai bateko saioak

Anjel Alkain (Andoain, Gipuzkoa, 1966) ezaguna da zenbat belaunalditako ETBko ikus-entzuleentzat. Antzerkigintzan hasi zen Hankagorri taldearekin. Eta ETB1eko Sorginen laratza saioan hasi zuen telebistako umorista ibilbidea —saio hark 1999tik 2005era iraun zuen—.

Ondotik, Alkainek sortu eta beste aktore batzuekin batera sortutako hainbat umore saio Primeran doako plataforman ikus daitezke. Wazemank umore saioa 2005. urtean estreinatu zuen ETBk; esketxen saio hartan, Ainere Tolosa, Jon Iraola, Mikel Pagadizabal, Iñake Irastorza, Mikel Laskurain, Egoitz Lasa, Ixabel Agirresarobe, Asier Sota, Anartz Zuazua eta Nagore Aranburu aktoreak aritu ziren Alkainekin batera. Saio hartako hainbat esketx sorta ETBren historiara pasatu dira —Youtuben eta sare sozialetan ere zabaldu dituzte haietako asko azkeneko urteetan—.

Beste umorezko saio batzuk ere egin zituen Alkainek eta Wazemank-eko taldeak urte haietan: Noaoa!, Finlandia eta Kontuz atsuak, besteak beste. Brinkola telesail berezian, bestalde, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileen zuzendaritzapean aritu ziren. Denboraldi bakarra izan zuen Brinkola-k, hamahiru atal, eta hori ere Primeran plataforman ikus daiteke.

2013-2014 denboraldian, berriz, Kontrako eztarria saioa egiten aritu zen Alkain ETB1en. Orduko hartan, platoan lagun zituen Iker Galartza, Jon Plazaola eta Xabier Euzkitze. 2014ko udazkenean, Alkainek eta Galartzak Zuek hor eta gu hemen arratsaldeko zuzeneko saioa aurkezteari ekin zioten.

2017ko urtarrilean, ETB1ek Euskalduna naiz, eta zu? saioa estreinatu zuen. Alkain ez zen kameren aurrean ageri; zuzendaria zen, Aitzol Barandiaranekin batera. Programa hartan Espainiari eskainitako atal batek —umorezkoa izan arren— aurkako erreakzio oldarkorrak eragin zituen, eta Gipuzkoako Fiskaltzak diligentziak ere ireki zituen. EITBk Nahieran zerbitzutik kendu zuen saioa, baina auzibideek ez zuten aurrera egin.

Ondotik, Alkainek Bago!az musika lehiaketan eta ETB2ko Qué me estás contando saioetan kolaboratu zuen 2017tik 2020ra. Baina aspaldian egin gabe zegoen fikziozko saiorik telebistarako, eta, hortaz, datorren udazkeneko berritasun handienetako bat izango da Superra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA