Frankismo garaian, Txomin Letamendi Murua EAJko militantea kartzelatu eta torturatu egin zuten, eta horren ondorioz hil zen 1950ean, Madrilen. Gizarteak ezaguna du Letamendiren kasua, eta instituzio publikoek diktaduraren biktimatzat aitortu dute, baina justiziaren aitortza falta zaio oraindik, nahiz eta nazioarteko zuzenbideak horretarako eskubidea aitortzen dizkien biktimei eta haien ondorengoei.
Justiziaren aitortza horren bila, hain zuzen ere, sartu da gaur Letamendiren sendia Donostiako 7. instantzia epaitegira, hark hori merezi duela konbentzituta, eta itxaropentsu. Haien ustez, ezin da bestela izan. Letamendi espetxeratua eta torturatua izan ostean zendu zen; torturen ostean eta torturen ondorioz, eta epaileak horixe berrestea nahi dute.
Bide horretan, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia bidelagun izaten ari da. Alderdi abertzaleen babesa ere izan dute gaur, epaiketaren egunean: besteak beste, Markel Olano legebiltzarkide jeltzalea, Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako batzarkidea eta Urtza Alkorta Ondarroako alkatea azaldu dira gaur Letamendiren familiari babesa ematera. Hitzordu garrantzitsua, gaurko epaiketa frankismoaren biktimekin lotuta borondatezko jurisdikzio bidez egindako lehena izan baita Euskal Herrian.
Agus Hernan GEBehatokiko koordinatzaileak azaldu du zertan datzan epaiketa mota hori: «Espainiako Memoria Demokratikoaren legeak biktimentzako bi bide aurreikusten ditu: kereila eta borondatezko jurisdikzioaren epaiketa». Letamendiren auzian, kereilaren bidea agortu zuten. Hernanek nabarmendu duenez, «horrelako kereilak tramiterako onartzea bera lorpen handia da», epaileek normalean baztertu egiten baitituzte. «Kereila hori, baina, itxi egin zen, Txomin torturatu zuten poliziak hilda daudelako», erantsi du. Beraz, bide hori agortuta, borondatezko jurisdikzioaren epaiketaren bideari ekin zioten.
«Ez dago akusaturik; ez da inoren kontrakoa, egiaren aldekoa baizik. Ebazpen judizial bat nahi dugu, berresten duena Txomin Letamendi kartzelan pairatutako torturen ondorioz hil zela»
OSCAR SANCHEZLetamendiren auziko abokatua
Epaiketa horren garrantziaren berri ere eman du Hernanek. «Nazioarteko zuzenbideak biktimei egia soziala, eta aitortza instituzionala eta judiziala aitortzen dizkie». Txomin Letamendik eta bere familiak badute gizartearen aitortza. Hernanek gogora ekarri ditu Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua liburua eta Asier Altunaren Karmele pelikula. Aitortza instituzionala ere lortu zuen, «Imanol Pradales lehendakaria buru zela aitortza ekitaldi bat egin baitzioten iaz Bilbon», azaldu du Hernanek. «Ziklo hori amaitzeko egia judiziala falta da», amaitu du. Hori lortu nahi dute gaurko epaiketa eginda.
Oscar Sanchez familiaren abokatuak epaiketa mota horren berezitasunak argitu ditu. «Ez dago akusaturik; ez da inoren kontrakoa, egiaren aldekoa baizik». Hala azpimarratu du: «Ebazpen judizial bat nahi dugu, berresten duena Txomin Letamendi kartzelan pairatutako torturen ondorioz hil zela». Horrez gain, auzitan jarri nahi dituzte «frankismoaren ebazpen politikoak, pertsonen kontrakoak baitziren eta defentsarako eskubidea urratzen baitzuten». Hernanek erantsi duenez, epaiketa horretan Letamendi frankismoaren biktima gisa aitortzeak «agerian utziko luke frankismoan torturatzaileek izandako egiturazko inpunitatea».
Martxoaren 3ko biktimak, bide berean
Horrekin batera, Letamendiren ebazpena aldekoa balitz, horrek bidea irekiko lieke beste auzi batzuei. Hernanek gogoratu duenez, Martxoaren 3ko sarraskiari lotutako auzian bide bera urratzen ari dira berrogei bat lagun, Memoria Demokratikoaren eta Arabako fiskaltzek sustatuta.
Etorkizunean GEBehatokiak halako epaiketak bultzatzeko asmoa du, nahiz eta «justiziaren sektore handi bat ekimen horiek artxibatzen ari den». Izan ere, azaldu dutenez, errealitatea eta justizia ez datoz bat. «Euskal Herrian 5.000 tortura kasu daude aitortuta, baina ez dago torturatzailerik». Eta alderaketa bat eginda, esan du Argentinan diktaduraren biktimen legeak modua eman duela ehunka torturatzaile eta hiltzaile zigortzeko.
«Ilusioa dugu, eta nahi dugu epaileek aitortzea gure aita preso egoteagatik eta torturak jasateagatik hil zela. Ni ere kartzelan egon naiz, eta bizirik nago. Zer egin zioten?»
TXOMIN LETAMENDI URRESTILetamendiren semea
Txomin Letamendi Urresti semeak hunkituta hitz egin du epaitegiaren atarian. «Ilusioa dugu, eta nahi dugu epaileek aitortzea gure aita preso egoteagatik eta torturak jasateagatik hil zela. 48 urte zituela hil zen aita. Ni ere kartzelan egon naiz, Carabanchelen, eta bizirik nago. Zer egin zioten?», galdetu du.
Gogora ekarri du anai-arrebek parada gutxi izan zituztela aitarekin egoteko. «Aita klandestinitatean egon zen gu txikiak ginenean, eta gero preso sartu zuten. Ez zen etxean agertzen, ia ez genuen ezagutu», aitortu du penaz. Kontatu du, halaber, nola zapuztu zitzaien behin aitaren bisitak sortutako ilusioa. «Bilbon bizi ginela, amak esan zigun: 'Goazen geltokira, aita etorriko da eta'. Geltokian jaso genuen aita, eta gertuko taberna batera joan ginen urdaiazpikoa jatera. Handik etxera. Hurrengo goizean, esnatu ginenean, aita ez zegoen. Amari galdetu genion: 'Non dago aita?' Eta azaldu zigun Polizia etorri zela eta balkoitik alde egin zuela».
Madrilen eta Bartzelonan preso egon zenean ere, seme-alabek ez zuten aita bisitatzeko aukerarik izan. «Orduan ez zen erraza. Ama joaten zen, Ondarroatik arrainez beteta ateratzen ziren kamioietan», kontatu du.
Aita hil zen modua minez ekarri du gogora. «Ez zuten nahi aita kartzelan hiltzea, eta torturatu ostean Madrilen bizi zen anaiari deitu zioten. Anaiaren etxean azaldu ziren aitarekin; besoetan zeramaten, eta 37 kilo pisatzen zuen… Mediku onenak lortu zituen anaiak, baina hogei egunera hil zen». Orain Letamendiren sendiak zikloa itxi nahi du, eta legeak aitortzen dizkieten eskubide guzti-guztiak lortu: egia, aitortza eta justiziarako eskubidea.