Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta legezkoa dela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Epaiak ebatzi du txaletaren lanak zuzenbidearekin bat datozela eta etxeak aplikatu beharreko hirigintza parametro guztiak betetzen dituela.

Xabi Alonsoren txaleta, Igeldon. BERRIA
Xabi Alonsoren txaleta, Igeldon. BERRIA
nerea intxausti
2026ko urriaren 21a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabi Alonsok ez du etxea eraitsi beharko. Futbolari ohiak Igeldon (Donostia) eraiki zuen txaleta legezkoa dela ebatzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Vocento taldeko hedabideek eman dute horren berri, iturri judizialak aipatuz.

Auzitegiak ontzat eman ditu Alonsoren txaleta eraiki zuen enpresaren —Tavaro XXI SM— eta Donostiako Udalaren helegiteak: bertan behera utzi du bere garaian obra baimena baliogabetu zuen epaia. Ebatzi du lanak bat datozela zuzenbidearekin, eta etxebizitzak aplikatu beharreko hirigintza parametro guztiak betetzen dituela. Arrazoitu dute legeak ez duela nahitaezkotzat jotzen etxeak eraitsitako baserriaren antza izatea. 

Sententziaren aurkako helegitea jarri daiteke, Espainiako Auzitegi Gorenean.

2018tik, eraitsi eta ez eraitsi

Udalak 2018an eman zuen Alonsoren txaleta eraikitzeko lizentzia; zehazki, Txalin eremuan Martuteneko Goiatz Berri baserriaren antzeko ezaugarriak dituen eraikin bat eraikitzekoa. Baserri hori Martutene auzoan zegoen, eta AHTaren lanengatik desjabetu eta eraitsi zuten. Ordea, txaletak ez du baserri haren antzik.

Haritzalde naturazaleen elkarteak eta Igeldoko Ieltxo kultur elkarteak 2022an aurkeztutako salaketa baten harira eman zuten epaia. Haien arabera, txaletera iristeko bidea ur biltegi munizipalera iristeko bakarrik erabil daitekeen arren, udalak behin-behineko lagapen bat egin zion Alonsori hura erabiltzeko. Baimen hori, baina, iazko martxoan iraungi zen. Horrez gain, iazko azaroan Ekologistak Martxan eta Haritzalde taldeek beste salaketa bat gehitu zioten aurrekoari, Donostiako Udalak Tavaro XXI SM enpresari txaleta eraikitzeko baimena eman ziolako, «jakinda ere ezinezkoa zela bide publikoarekin lotura egitea». 

2024ko urtarrilean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak iragarri zuen txaleta eraikitzeko lizentzia bertan behera utzi zuela eta eraitsi beharra zegoela. Epaitegi hark ebatzi zuen txaleta legez kanpokoa zela, ez zutelako lehengo baserria berreraiki, eta eraikinean ez zelako bete landa tipologia errespetatzeko obligazioa. Epaileak erabaki zuen 2018an emandako lizentzia baliogabea zela. Alonsok eta udalak helegiteak aurkeztu zituzten erabakiaren kontra, eta txaleta zutik mantendu zuten.

Eta orain ere ez dute eraitsi beharko. Auzitegi nagusiak ebatzi du ezin dela jatorrizko eraikina bere horretan berreraiki eta, beraz, proiektuaren legezkotasuna indarrean dauden hirigintza irizpideen araberakoa dela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA