Greba eguna da Hegoaldean, etxebizitza eskubidearen alde
- Etxebizitza eskubidearen alde, Hego Euskal Herrian greba orokorra egingo dute langileek gaur.
- ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Etxaldek, Hiruk, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitu dute greba.
- Biharamunean bozkatuko dituzte etxebizitzaren bi dekretuak Espainiako Gorteetako Diputazio Iraunkorrean.
- Etxebizitzaren aldeko greba Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako kanpaina abiatzeko biharamunean ezarri zuten sindikatuek; bihar gauerdian abiatuko da kanpaina.
- BERRIAko kazetariak kalean dira, gertatzen ari direnak bertatik bertara kontatzen: Kepa Ugarte Bilbon eta inguruetan da; Eneko Imaz, Donostian; Peru Amorrortu, Gasteizen; eta Ion Orzaiz, Iruñean.
Algortan (Getxo, Bizkaia), zabor edukiontziak jarri dituzte errepidean, Sarrikobaso kalean barrena, ibilgailuak igarotzea oztopatzeko. Udaltzainak ari dira horiek kentzen. Sarrikobaso eta Telletxe arteko bidegurutzea katez itxi dute.


Imanol Pradalesek lehendakariak zalantzan jarri zituen greba orokorra egiteko arrazoiak, eta sindikatuei leporatu zien deialdia baliatu nahi izatea bere gobernuaren kontra egiteko. Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilariak, berriz, babesa adierazi zion greba orokorrari, eta «erabateko arrakasta» opa dio.
ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Etxaldek, Hiruk, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak orain hilabete erregistratu zuten ofizialki gaurko greba orokorrerako deialdia. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere babesa agertu zion grebari. Euskal Herrian egindako deialdia da hau. Galizia, Herrialde Katalanetan eta Espainian ere greba orokorra egindako deialdia egina dago gaurko.
UGT eta CCOO sindikatuek manifestu bateratua aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Mobilizazio propioak antolatu dituzte, beste sindikatuek antolatutakoak baino lehenago. Bilbon eta Gasteizen 11:30ean izango dira, Euskadi plazatik abiatuta Bilbokoa eta Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzatik Gasteizkoa. Donostiakoa, berriz, 12:00etan izango da, Alderdi Ederretik hasita.
Gaurko deialdi nagusiak hauek dira: 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran; 12:00etan Gasteizen eta Eibarren. Arratsaldean mobilizazio gehiago egingo dituzte, 18:00etan: Bilbon plaza Eliptikotik, Iruñean Baluartetik, Donostian bulebarretik eta Gasteizen Andra Maria Zuriko plazatik.
Egun on! Greba eguna da gaur Hego Euskal Herrian. Etxebizitza eskubidearen alde greba egingo dute langileek. Deitzaileen arabera, etxebizitza eskubidea berma dadin exijitzeko, espekulazioari aurre egiteko eta erakundeak interpelatzeko eguna da gaurkoa, baita «langileen pobretzearen aurkakoa eta soldatak igotzearen aldekoa ere».