Itxuraz, Espainiako Gobernuak aurkitu du etxebizitza dekretuak indarrean jartzeko modua, eta Ministroen Kontseiluak bihar onartuko ditu joan den astean Diputatuen Kongresuaren oniritzia lortu ez zuten bi testuak. JxC Junts per Catalunyaren ezezkoak ezerezean utzi zituen dekretuak, eta, orain, Madrilen asmoa da dekretu horiek Espainiako Gorteetako Diputazio Iraunkorrean onartzea, hor ez baitute behar JxCren aldeko botoa.
Ikusteko dago testuak berberak izango diren edo ez, baina EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak botoa aldatzen ez badu, aurrera egingo du gobernuak esku artean dituen bi dekretuetan lehenengoak, neurri gehienak jasotzen dituenak: etxegabetzeak mugatzea 2030era arte, alokairu kontratuen ezohiko moduan luzatzea 2028ra arte, behin-behineko kontratuak eta logelakako kontratuak arautzea...
Ikusi gehiago
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur egin duen agerraldian ez du ezer esan dekretuei buruz, baina zenbait hedabidek, besteak beste EFE albiste agentziak, kaleratu dute gobernuak bihar onartu nahi dituela, eta hori nola egin aztertzen ari dela. Gero, Diputazio Iraunkorrak hilabete pasatu baino lehen egin beharko du bozketa.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu arren, oraingoa ez da jarduneko gobernua, eta, beraz, badu dekretuak onartzeko boterea. Kontua da Diputazio Iraunkorra arduratzen dela gobernuaren neurriak-eta bozkatzeaz, Diputatuen Kongresua deseginda dagoenez gero.
Bat bai, bestea ez
Diputazio Iraunkorrak 69 eserleku ditu, eta JxC izan ezik Sanchezen inbestiduraren alde bozkatu zuten alderdietako ordezkariek lehenbiziko dekretuaren alde bozkatuko balute, neurri horrek aurrera egiteko adina boto lortuko lituzke; hori beteko balitz, aldeko 35 boto izango lituzke —PSOEk 25 boto emango lituzke, Francina Armengol kongresuko presidentearena barne; Sumarrek, sei; eta ERCk, EAJk, EH Bilduk eta talde parlamentario mistoak, bana—, eta 34 boto kontra —PPk, 27; Voxek, sei; eta JxCk, bat—.
Horri esker, lehen dekretuak aurrera egingo luke; ez, ordea, bigarrenak, alokairu kontratuak automatikoki luzatzeari buruzkoak, EAJk argi utzi baitzuen ezezkoa emango ziola.