Zuzenean

Herriko bozen emaitzak zuzenean

Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen lehen itzulia egin dute martxoaren 15ean. Emaitzak zuzenean bildu eta kontatu ditu BERRIAk.

Herriko bozak COVID-19aren garaian egin ziren azkenezko, 2020an. GUILLAUME FAUVEAU
Herriko bozak COVID-19aren garaian egin ziren azkenezko, 2020an. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko martxoaren 15a
18:00
  • Baionan Jean Rene Etxegarai atera da lehen; bigarren itzuliari so ikustekoa da ezkerreko bi zerrendak aliatuko direnetz. 
  • Miarritzen hamabi bozengatik aitzinean da Serge Blanco, Arostegiri gaina harturik.
  • Herri batzuetan sorpresa eragin dute ezkerreko abertzaleen emaitzek, adibidez, Senperen, lehen itzulitik gailendurik. 

  • Urruñan Filipe Aramendik ez du lehen lekua kausitu, eta aitzinetik jalgi zaio Sebastien Etxebarne. Bigarren itzuliari begira Etxebarnek ez du aliantzarik egiteko asmorik erakutsi, oraingoz.  

  • Kanbon Peio Etxeleku da lehen, bozen %39rekin. Nahi Dugun Herria EH Baik sostengaturiko zerrenda hirugarren postuan da; ikusteke dago zer eginen duten bigarren itzulirako, baina elkarren arteko aliantzei bidea ez diete hetsi. 

azken momentuan

Bigarren itzuliko aliantzak, astearte gauera arte

Lehen itzuliko herriko bozen gaualdia bukatzekotan da. Orain, bigarren itzulira pasatzen ahal diren hautagaiek astearte gauera arte izanen dute aliantzak egiteko eta mantentzen diren erabakitzeko. 

Ahetzen, lau bozen aldearekin Goihetxe garaile

Ahetzen bi zerrenda lehiatu dira, eta bozen kontaketan arazo tekniko bat gertaturik, berant iritsi dira emaitzak. Lau bozen aldea da bi hautagaien artean, eta Ramuntxo Goihetxe (%49,8) gailendu zaio Ramuntxo Labat orain arteko auzapez abertzaleari (%50,1). 

Bokalen, Horn lehen

Mathieu Hornen zerrenda gailendu da Bokalen: EH Bai-k sostengaturiko zerrenda da. Bozen %28,3 lortu ditu. Guy Boulanger du atzetik (%25,8), orain arteko Francis Gonzalez auzapeza heldu da hirugarren postura ( %23,8), eta azken postuan da Helene Etxenike (%21,9). EH Baik txalotu du Bokaleko emaitza. 

Etxegarai gailendu da Baionan

Baionako bozen lehen emaitzak hauek izan dira: oraingo auzapeza den Jean Rene Etxegaraik bozen %42,1 bildu ditu, ondotik, Jean Claude Iriart zerrenda abertzalekoak %21,9 lortu ditu, eta ez urrun, Henri Etxetok %21,3 bildu ditu. Eskuin muturreko Batasun Nazionala alderdiko Pascal Lesselierek, berriz, %10,7 lortu du.

 

Miarritzen Blanco da gailendu

Miarritzeko lehen itzuliaren emaitzak hertsiak izan dira: bozen %26,7 bildu ditu Serge Blancok, eta hurbil-hurbiletik, hamabi boz gutiagorekin, Maider Arostegi auzapezak %26,6 lortu ditu. Ana Ezkurraren ezkerreko zerrenda zabalak bozen %17,8 lortu ditu. Ondotik Jean Baptiste Dussaussoisk bozen %13,1 bildu ditu, Guillaume Barucqek %12,1, eta azkenik, Richard Tarditsek %3,63.

Irigoien gailendu da Donibane Lohizunen

Jean Francois Irigoien Donibane Lohizuneko auzapezak ditu emaitza onenak lortu lehen itzuli horretan, baina ez ditu aski onak lortu lehen itzulitik pasatzeko (%47,3). 2001tik lehen aldia izanen da bigarren itzuli bat izanen dela Donibane Lohizuneko bozetan. Gibeletik, Manuel de Larak bozen %26,56 bildu ditu. Pascal Lafitte zerrenda abertzalkoak, berriz, %23,7 lortu ditu.

Hazparnen Pargadek segituko du

Bigarren agintaldirako hautatua izan da Isabelle Pargade, Hazparneko auzapeza. Bozen %71,4 lortu ditu. Parean, EH Bai-k sostengatzen zuen Herritarrekin hautagaia den Michel Ospitalen listak, %28,5 baizik ez ditu bildu.

Rouget garaile Uztaritzen

EH Bai-k sostengatzen duen Uztaritze Bai zerrendaburu den Piero Rougetk irabazi ditu Uztaritzeko bozak, lehen itzulitik: %54 bildu ditu. Bestalde, Bruno Cendresk bozen %46 lortu ditu.

Hendaian, Ezenarrok segituko du

Bozen %42,8 bildu ditu Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak. Atzetik, Laetitia Navarronek bozen %30,6 lortu ditu, Hendaia Biltzen zerrendarekin. 

Senperen Hats Berri lehen itzulitik

Senpereko emaitza historikoa da: lehen itzulitik garaile atera da Hats Berri zerrenda, EH Bai-k sostengaturikoa, Christophe Jauregik gidaturik. Bozen %54,1 bildu ditu: hortaz, lehen itzulitik lortu du auzapez kargua. Bozen %23,7 lortu ditu Mariana Laugierek, eta %22 Bernard Elhorga oraingo auzapezak. 

 

Olive berriz Angeluko auzapez

Besten behin, Claude Olivek Angeluko auzapeza izaten segituko du, bozen %68 bildu baititu. Bigarren lekua Fanchini Mahautk hartu du, %21,2rekin. Eta azkenik, Eñaut Alfaroren zerrenda abertzalea, bozen %10,7rekin.

 

Barneix Sarako auzapez berria

Esteban Barneix izanen da Sarako auzapez berria, aisetan irabazi ditu herriko bozak, %79 lortu baitu. Gibelean, Panpi Lefrancek bozen %21 bildu ditu.

Bidarten Alzuri beti auzapez, aisetan

Bidarteko orain arteko auzapez Emmanuel Alzurik bozen %67,92 lortu ditu. Gibeletik gelditu zaio Michel Lamarque, %32,08an.

Kanbon, Etxeleku aitzinean

Peio Etxelekuk bozen %39 bildu ditu eta lehen atera da lehen itzulian. Bigarren izan da Christian Deveze oraingo auzapeza, eta hirugarren EH Bai-k sustengaturiko Argitxu Hiriart-Urrutiren zerrenda.

Peio Etxelekuk erran du «goizegi» dela bigarren itzuliko aliantzak aipatzeko, baina pozik hartu du emaitza. «Argi da kanboarrek aldaketarako gogoa dutela», erran du. 

Urruñan Aramendi gibelean

Bigarren itzulian jokatuko da dena Urruñan ere, eta izanen dute zer lehiatu lehen iritsi diren bi zerrendek, hala nola Sebastien Etxebarnerenak (%36,86) eta Filipe Aramendirenak (%35,13). Biziki hurbil dira bi zerrendak, eta gibeletik dute Martine Mignot Carmerena, %28,01ean.

Etxebarnek zerrenda «herritarra» gidatzen du Urruñan; Aramendi orain arteko auzapez abertzalearen kargua arriskuan jarri du gaur.

Interesgarria izango zaizu
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!