Ezkerreko abertzaleen zerrendek emaitza gazi-gozoak izan dituzte

Senperen, lehen itzulitik garaile atera da Hats Berri zerrenda. Urruñan, lehen lekua galdu du orain arteko auzapez Filipe Aramendi EH Baiko kideak. EH Baik balorazio positiboa egin du halere, oro har.

Pettan Aizagerre, Donapaleun bozkatzen, goizean. GUILALUME FAUVEAU
Pettan Aizagerre, Donapaleun bozkatzen, goizean. GUILALUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko martxoaren 15a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Baik 23 zerrendari sostengua eman die herriko bozetarako. Nabarmentzekoa da Senperen lortu duten emaitza: lehen itzulitik gailendu da Christophe Jauregi buru duen zerrenda, Hats Berri, bozen %54,1 lorturik. Emaitzarekin «biziki kontent» dela erran dio BERRIAri. «Hiru zerrenda lehian ginen, horietarik bi aspaldiko zerrendak, eta, gure izenak dioen bezala, zerrenda berria. Senpertarren mezua argi da: aldaketa nahi dute, eta entseatuko gara gauzen aldatzera». Ez zuen espero lehen itzulitik hautatua izatea, baina egindako lanaren emaitza dela segurtatu du. 

Donapaleun (Nafarroa Beherea), Pettan Aizagerre EH Baiko kideak gidatutako zerrenda atera da lehen: bozen %57,8 bildu ditu. Sorpresa eragin du, bestalde, Lekuinen (Lapurdi) abertzaleek lortu duten emaitzak: 1995tik auzapez zen Mixel Etxeberriri gaina hartu dio Xabi Duhaldek —ezkerreko abertzale batzuk daude zerrendan—. Bozen %54 lortu ditu. 

EH Baik sostengatutako beste auzapez batzuk ere gailendu dira, gaurdanik: Ziburuko (Lapurdi) auzapez Eneko Aldanak karguan segituko du, bozen %58,8 bildu baititu, eta «pozez» hartu ditu emaitzak.

Itsasun (Lapurdi), sorpresa guti, zerrenda bakarra baitzen, eta hor ere EH Bairen sostengua zuen Mikel Hiribarrenek segituko du auzapez, bozen %83 izanik.

Urruñan (Lapurdi), haatik, kinka txarrean dira: Filipe Aramendi orain arteko auzapez eta EH Baiko kidea bigarren lekuan da, bozen %35,1 bildurik. Haren aitzinetik Sebastien Etxebarne jalgi da (%36,9). Hirugarren lekuan Martine Mignot-Carme da (%28). Bigarren itzulian ikustekoa izanen da nolako aliantzak eginen dituzten, baina Aramendiren kargua zalantzan da, argiki. Etxebarnek BERRIAri erran dio biziki «kontent» dela lorturiko emaitzarekin. «Urruñarrek gure mezua ulertu dute; 2020an lortu genituen baino 800 boz gehiago lortu ditugu». Bigarren itzuliari begira ez du aliantzarik egiteko «asmorik», eta erran du espero duela Mignot-Carmeren alde bozkatuko dutenek bere alde eginen dutela. Ikusteko dago Mignot-Carme mantenduko denetz; BERRIAri ez dio erantzunik eman, oraingoz. Aramendi bigarren itzuliari begira mintzatu da Euskal Hedabideen emankizunean, eta Etxebarneri leporatu dio «bere buruarendako» aritzea, «eta ez urruñarrendako». 

Kanbon (Lapurdi), hirugarren lekua beretu du Nahi Dugun Herria zerrendak, Argitxu Hiriart-Urruti buru. «%25 ez da hain gaizki», erran du Hiriart-Urrutik, eta segurtatu bigarren itzuliari begira Peio Etxelekurekin «mintzatuko direla» —lehen jalgi da hura—. 

Azkainen (Lapurdi), ezkerreko abertzaleek bigarren postua lortu dute. Benedicte Luberriagak du lehen itzuliko emaitza onena erdietsi (%38,1); ondotik, Elorri Manterola zerrenda abertzalearen buruak bozen %33,6 bildu ditu, eta, azkenik, Jean Louis Ladutxe 2001etik 2014 arte Azkaineko auzapeza izan zenak, %28,3.

Miarritzen (Lapurdi), hirugarren postua lortu du EH Baik sostengaturiko Ana Ezkurraren zerrendak: «Historikoa da hirugarren indar ateratzea; biziki kontent gara eta eskertzen ditugu gure alde bozkatu dutenak. Espero dugu berriz ere gure alde bozkatuko dutela bigarren itzulian». Ez du baztertu lehen lekuan atera den Serge Blancorekin aliantza egitea. «Telefonoak ez dira jotzen hasiak», erran du, dena den.   

Baionan, EH Baik sostengaturiko Baiona Mugimenduan Jean Claude Iriarten zerrendak alde biziki tipia atera dio Henri Etxetoren zerrendari. Jean Rene Etxegarai gailendu da aise: %42,8. Iriart du gibeletik (%21,9), eta Etxeto izugarri hurbil da, bozen %21,4 bildurik. 

EH Bairen balorazioa

Txomin Casteigts EH Baiko kideak alderdiaren lehen balorazioa egin du Euskal Hedabideen emankizunean: «Gure militante guziak zoriondu nahi ditugu. EH Bairen balorazioa positiboa da: ezkerreko abertzaletasuna indartzen ari da, boto kopurua emendatzen ari da, eta herritarren artean gero eta garrantzi handiagoa dugu». Aitortu du herri batzuetan «gehiago espero» zitekeela, hala nola Kanbon. Baina erran du Donapeleun «lehen aldiz» auzapez abertzale bat izanen dela eta Baigorrin ere hala izanen dela. Gaineratu du Senperen lehen itzulitik lortu dutela gailentzea, eta «biziki poztekoa» dela.

Urruñan bigarren itzulia «tinki» izanen dela argi du; «galtzeko arriskua» badela erran du, eta «ezkerreko abertzale guziek bozkatzera joan beharko» dutela bigarren itzulira.

Azkainen, Maulen eta Hendaian EH Baik sostengaturiko zerrendak bigarren postuan izanik, «balentria» da, Casteigtsen arabera, eta herri horietan boz kopuruan emendatze bat izan dela erran du: «Hendaian, adibidez, asko igo da: %18tik %30era». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!