Etxegarai aitzinean atera da Baionan; Miarritzen Arostegi bigarren

Gibeletik ditu ezkerreko Jean Claude Iriart (%21,99) eta Henri Etxeto (%21,37). Pascal Lesselieren eskuin muturreko zerrendak lorpen harrigarria egin du, bestalde: %10,7. Miarritzen Serge Blanco gailendu zaio oraingo auzapez Maider Arostegiri.

Jean Rene Etxegarai bozkatzen, goiz honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Jean Rene Etxegarai bozkatzen, goiz honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko martxoaren 15a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionan Jean Rene Etxegaraik aitzina eginen du eroso. Hirugarren agintaldirako bidean Baionako herritarren bozen %42,11 bildu ditu lehen itzulian, parean dituen beste lau zerrenden aitzinean aisetan. Gibeletik lehena Jean Claude Iriart du, ezkerraren batasunaren zerrendaren gidaria, %21,99rekin; hirugarren atera da Henri Etxeto Frantziako Alderdi Sozialistako hautagaia %21,37rekin. Bereziki azpimarratzekoak dira ere eskuin muturrak lortu dituen kopuruak, Frantziako Batasun Nazionaleko Pascal Lesselierek %10,7 lortu baititu. Azkenik iristen da Frantzia Intsumisoko Sandra Pereira, %4 eskas lorturik.

Biziki harroki mintzatu da Etxegarai emaitzak publiko egin direlarik: «Ohartzen naiz kasik bikoiztu dudala boz kopurua. Nik ere badakit kalkuluak egiten, eta ohartzen naiz aise aitzinean naizela; nahiz eta erran duten batzuek agian batuko direla [ezkerreko zerrendak], ez da ene afera, ez ene problema. Gu garen pertsona berekin goaz. Hautesleek edo arrazoiaren hautua eginen dute, edo ez jakintasunean jauzia». 

Bigarren itzuliari begira, Pereirak ezin du aitzina egin, ez baita bozen %5era iritsi eta horrek ez baitio aukerarik uzten ezta beste zerrenda batekin aliatzeko ere.

Galdera nagusia, beraz, Iriarten eta Etxetoren arteko aliantza aukeraz doa: gai jakin batzuen inguruan izan ezik, nahiko analisi bateratua egin dute kanpaina osoan zehar, baina Iriarten Baiona Mugimenduan zerrendak EH Bai-ren sostengua du, eta ezagunik da Etxetoren ikuspegi jakobinoa. Orain, beraz, ikusteko dago elkarrizketak abiatuko dituztenetz. Norbaitek nagusitasuna hartu ziezaien, agian, bi hautagaien arteko aldeak nabarmenagoa izan beharko zuen, baina gaurko emaitzek erakusten dutenez, ber mailakoa dute indar harremana eta, akordioak egitea zaila izanen da segur aski.

Asteburu honetara arte BERRIAri jakitera eman zaionez, bi hautagaiek ez dute solastatu.

Miarritzen, Blanco aitzinean

Miarritzeko lehen itzuliaren emaitzak hertsiak izan dira: bozen %26,7 bildu ditu Serge Blanco errugbilari profesional ohiak, eta hurbil-hurbiletik, hamabi boz gutiagorekin, Maider Arostegi auzapezak %26,6 lortu ditu.

Emaitzak agertu eta minutu gutitara, Blancok zehaztu du oraindik ez duela marraztu hurrengo egunetan plantan emanen duen estrategia eta aliantza: oraindik ez dakit bakarrik segituko duen ala beste zerrenda batzuekin batuko den, baina argi duena da ahalegin guztiak eginen dituela boz gehiago lortzeko. «Miarriztarrek Serge Blancorentzat bozkatu dute, gure oraingo misioa da gure bozkatzaileak satisfatzea. Abentura berria abiatzeko prest gara».

Arostegik sarkastikoki erreakzionatu du Blancoren lorpenaren parean: «Hedabide guztien sustengua jasotzen duen hautagai batekin, bistan dena, desoreka sortzen da; aldi berean, ez duk sekulako lorpenik ere egin. Gure aldetik, esperantza anitz uzten digu lehen itzuliak, eskuinak eta zentroa biltzeko... Mementoko analisia egiten dugu, eta jokoak aitzina egiten du». Zehaztapen gehiagorik ez du eman nahi izan aliantza posibleei begira.

EH Bai-k sostengatzen duen Ana Ezkurraren ezkerreko zerrenda zabalak bozen %17,8 lortu ditu. Ondotik Jean Baptiste Dussaussoisk bozen %13,1 bildu ditu, Guillaume Barucqek %12,1, eta azkenik, Richard Tarditsek %3,63.

Angelun, Olive beste behin

Besten behin, Claude Olivek Angeluko auzapeza izaten segituko du, bozen %68 bildu baititu. Bigarren lekua Fanchini Mahautk hartu du, %21,2rekin. Eta azkenik, Eñaut Alfaroren zerrenda abertzalea, bozen %10,7rekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA