Arazo politikoari erantzun politikoa

2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Erreformaz erreforma patronalari geroz eta aukera gehiago eman zaizkio langile klasea ahuldu eta prekarietatean sakontzeko. Azken erreformak orain arteko oreka apurra erabat hautsi du, patronalari aldebakartasunez aritzeko aukera emanez eta indar guztia bere alde jarriz.

Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren zutabe garrantzitsua izan da negoziazio kolektiboa. Lan erreformarekin, hura tresna moduan indargabetu egin da, eta langileon eskubideak defendatzeko geroz eta muga gehiago ditu.

Patronala negoziazio kolektiboa blokeatzen ari da; soldata eta lan baldintzak hobetzen ez dituen edota lan erreformari aurre egiten ez dion hitzarmena sinatzeko ez bada, ez du akordiorik nahi. Hori da aitortzen dion balioa, legediak ematen dizkion aukera guztiekin euren neurrira eginiko hitzarmenak sinatzea, eta bidea sindikatuon oniritziarekin egitea lortzen badute, askoz hobeto haientzat.

Ez da egia hitzarmenak sinatzeak zuzenean langileon posizioa hobetzen duela. Lan erreformaren kontrako klausula argiak eta gutxieneko batzuk jasotzen ez dituzten hitzarmenak sinatuz gero, Nafarroan ikusten ari garen moduan, CCOO eta UGT gehiengoa direnetan, patronalak lan kostuak murrizteko duen asmoa erraztu baino ez da egiten.

LAB joko horretan ez da eroriko. Negoziazio eremu guztien alde egiten dugu. Eskubide hori gure esparruan mantentzearen alde egitea LABentzat lehentasunezkoa da, eta hitzarmen horiek gutxieneko eduki batzuk bermatzen dituztela ziurtatzea da gure borroka.

Hitzarmenetan lan erreformaren ondorioak saihestea eta soldata eta lan baldintzen hobekuntzan aurrera egitea lan nekeza ari da izaten. Gainera, geroz eta langile gutxiagok dute negoziazio kolektiborako eskubidea. Hori da enpresetan bakarrik negoziatzearekin bilatzen dena. Berriro ere baldintzarik txarrenetan dauden langileak, hitzarmen duinak negoziatzeko inolako aukerarik ez dutenak dira kaltetuenak.

Enpresaz enpresako eztabaidara mugatu nahi gaituzte, xantaia eta beldurraren bidez langileek amore ematea beste biderik izan ez dezaten. Baldintza horietan, borrokarako gaitasunik ezean, akordio izenez mozorrotzen diren inposaketak gertatzen dira.

LABek oso argi du erronka zein den: enpresetan konfrontazioan oinarritzen den ekintza sindikala, patronalarekiko aurrez aurrekoan, xantaiari amore emango ez diona. Sortzen dugun presioaren bidez patronala derrigortu egin behar dugu hitzarmen duinak negoziatzera.

Enpresetan borroka bai, noski. Baina arazo politiko larri baten aurrean gaude; eztabaida guztiz politikoa da: zer-nolako herria izan nahi dugun dago jokoan. Egungo lan harreman ereduak herri pobrea izatera garamatza. Alternatiba Lan Harreman eredu berri bat eraikitzea da.

Eztabaida publiko eta politiko-instituzionalean eragin behar dugu. Noski, patronalak ez du eredu berririk nahi, ez du behar. Bertako Gobernuak ere ez. Hori da bere eremuan egiten duena: negoziazio kolektiboa ukatzen du dekretuen bidez arautuz eta euskal esparrua bermatzeko erabakirik hartu gabe.

Eztabaida hori sustatu eta norabide horretan erabakiak behartzeko, proposamenak eta mobilizazioa uztartu behar dira. Horretarako proposamena mahai gainean du LABek. Borroka hori egitea lehentasunezkoa izango da guretzat aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.