Hermes aldizkariaren 81. zenbakia iritsi zitzaigun duela egun batzuk, Alderdi Egunaren bueltan. Norbaitek argitasunik behar badu, azal dezagun Sabino Arana Fundazioaren aldizkaria dela, datorren urtarrilean 25 urte beteko dituena. Neurri batean 1917-1922 urte bitartean Jesus Sarriaren gidaritzapean argitaratutako izen bereko aldizkariaren testigua jaso zuena. Neurri batean: biak abertzaleen esku, baina heterodoxoagoa hura, alderdikoagoa hau. Nolanahi ere, interesgarriak biak.
EAJren 130. urteurrenari eskaini dio bere azken alea aldizkariak. Artikulu sakon asko bertan; baina, jakina, nagusiena Aitor Estebani egindako elkarrizketa luze bezain mamitsua. Bide batez, 2020ko abenduan 125. urteurrenari eskainitako alearen (66. zenbakia) alboan erabat ezberdina edukian eta tonuan azken hau. Ez dira alferrik gauza asko pasatu azken bost urteetan, ez zaizkio alderdiari gauza asko gertatu, ez denak onak. Seguruenez horregatik jarri zuten abian Entzunez Eraiki izeneko prozesua eta hizpide dugun aldizkarian 2023ko maiatzean ondorioak bildu. Fruituak bilduko dituzten jakiteko goizegi da oraindik agian.
Etxe horretako zenbait jende oso kezkatuta sumatzen dut aspaldion alderdiaren etorkizunari buruz, etsipen puntu nabarmenarekin sarri. Baiki, badute egonezinerako motiborik, baina fokua luzeago jarri beharko lukete agian penak arintzeko: askoz ere garai okerragoak ere pasatuak dituzte, ez soilik gerra eta diktadura garaietan. Eusko Jaurlaritzaren gidaritza dute, egunez egun bere lidergoa sendotzen ari den lehendakari baten eskutik. Gauza bera EAEko hiru lurraldeetan eta hauetariko bi hiriburutan. Nafarroan ere gobernuan; Iparraldean berriz, agian inoiz izan duten dinamika onenean. Bada zerbait konturatu orduko mende eta erdira iritsiko den alderdiarentzat. Txapela kentzeko moduko historia.
Ez gara hemen euren gabezia, arazo, hutsegite eta abarren inbentarioa egiten hasiko. Hori guztia ondo dakite Sabin Etxean, beste inork gogorarazi gabe. Beste kontu bat da pitzadura horiek estaltzen asmatzen duten edo ez. Edota kasuren batean benetako borondatea duten: adibidez, sarriegi nahasten dute kargu publikoen berritzea, kargu publikoen errotazio amaigabeekin, euren boto-emaile eta alderdikide askoren haserrerako. Gorago aipatu den prozesuaren zuzendaria izan zen Xabier Barandiaranek garbi esan zuen orduan, gizarteak arnasa nondik hartzen duen jabetzen ez den alderdiak berebiziko arriskua duela herritik deskonektatzeko eta ez dagoela hori baino arrisku handiagorik. Bistan da diagnostikoak egitea errazagoa dela gero errezetan asmatzea baino.
Herrietan, herri askotan, ikusten dugu batez ere ahul EAJ duela hamarkada batzuetatik hona. Garai batean (oso) hegemonikoak izan ziren toki askotan ezin udal hauteskundetarako zerrendak osatu, adibidez. Hegemonia elektorala eta soziala, bide batez esana: kirol zein kultur elkarteetan, ikastetxeetan zein beste erakunde askotan erabat murgilduta lanean ziharduen jendeak osatzen zuen orduan alderdia herrietan neurri handi batean. Desagertu ez baina izugarri lausotu da hori orain. Denbora berrien patua ere badela diote adituek, alderdi guztiei eragin diena; hala da, baina onar dezagun ez dela berri ona historikoki bere indarra nagusiki tokian tokiko batzokietatik eraiki duen alderdi batentzat.
Aipatutako Hermes aldizkarian Mikel Aizpuru historialariak gogoeta aberasgarria ekarri digu, historiaren tokia aldarrikatzen etorkizuneko Euskal Herrirako. Abertzaletasunaren, bereziki EAJren, historia aztertzen duten lanen jaitsiera nabarmenak kezkatzen du gabiritarra. Eta behetik gora eraikitako historia baten alde egiten du, adibidez tokian tokiko zinegotziek Espainiako Bigarren Errepublikan edota Franco ondorengo lehen udaletan egindako lana erakutsiko diguna. Ez du arrazoi faltarik Aizpuruk; ez da agian EAJren gaur egungo zenbait gabezien arrazoi nagusia izango, baina bai kontuan hartzekoa. Transmisio falta izugarria, jelkideen balore eta historiarena. Hasteko, milaka alderdikideren etxeetan gauzatu ez den transmisioa.