Alkatetza uztera doala-eta bere lanaren balantzea eginez, Eneko Goiak adierazi du ezinezkoa dela denak pozik uztea. Oso gutxitan gertatzen bada ere, oraingoan bat nator berarekin: denak kontent uztea ezinezkoa da. Beti berberak uztea pozik, ordea, ez da ezinezkoa, kezkagarria da. Eta inpresioa dut bere kasuan hala izan dela: zorionaren esleipendunak hiriko sektore batzuk izan dira, sektore beti berberak, negozioa-ri lotutakoak, hazkundearekin zerikusia dutenak, azalaren distira nahiago dutenak mamiaren sendotasuna baino.
Eta hazkundea, beti ere, ulertuta kontabilitate Exceletan, rankingetako posizioetan, hiriaren aldeko click eta like-etan. Bisitariak bizitariak baino zainduagoak diren ereduetan.
Eneko Goia, kasu honetan, kontzeptu gisa hartu behar da. Ez baita bakarra; hiri eta herri gehienak, nor bere tamainan, daude birus berberak jota. Baina Donostia bezalako perla chic batean, nabarmenagoa da. Egia da bestela jardutea ez dutela erraza udal agintariek, kontrario ahaltsua daukatela, euren ahalen gainetikakoa maiz: espekulazioa. Alor guztiak blaitu dituen pozoia da espekulazioa: eraikuntza, ostalaritza, merkataritza, kultura, aisialdia... Eta hala, ez dira lanbideak sustatzen, negozioak baizik; ez da hirigintza egiten, desarrollismoa baizik; ez da kultura lantzen, ezpada ikuskizuna. Bizimodu fast eta low cost bat, of course ingelesezko hitzez definitua.
Medioetan azaltzen ez diren dozenaka erabaki izango ditu Goia jaunak donostiarren bizimodua hobetze aldera hartutakoak, hori ere hala da, baina ustea dut ez duela itsasargi horrek gidatzen bere jarduna. Lehentasun kontua da. Hondalea izeneko Santa Klara irlako itsasargi instalazioa paradigmatikoa egiten zait alde horretatik: harkaitz eta olatuz inguratutako uhartean, horren imitazioa jartzen da bisitagai.
Aroa halakoa da, eta pertsonek bezala hiriek ere bidesari hori pagatu beharra dute XX. mendeko abertzaletasunaren ikur izatetik XXI. mendeko agertzaletasunaren ikur izatera pasatzeko.
Baina berriro diot, ildo beretik beste hiriburuetako buruak ere, lehentasun berberek akuilatuta, denak ezin kontent utziz, beti berberak utziz pozik.
Baina ez dezagun ahaztu gauza bat, orojakile begi zoli betikritikooi joera amnesiko selektibo hori badugu: herritarren botoak jasota daude dauden tokian. Alkateak, esan nahi dut. Batzuoi oso agerikoa iruditzen zaigu degradazioa, baina herritar askok —askotan gehiengoak—botoz bedeinkatu egiten du.
Baina ez dezatela ahaztu, demokraziaren zaindariek ere bai baitute joera amnesiko selektibo bat: herritarren botoak eurak hautatu ditu, alkateak, baina ez euren lagunak. Frankiziei, inbertsio-funtsei, konstruktoreei, promotoreei, start-up eta multinazionalei ez die inork botoa eman, eta eurek diseinatzen dituzte, zuzenean batzuetan eta zeharka besteetan, gure bizimoduak. Eta hauek ez gaituzte herritar nahi, bezero baizik.
Botereaz ari naizela, eta kontrabotereaz, disidentzia ere badatorkit gogora, eta egunotan disidentziaz jardutean udalekuen aferak egiten dit atximurka, nahitaez. Tanella Boni idazle bolikostarrak badu pertsonaia bat, emakumezko maitagarri bat ogibidez «aurreiritzi ehiztaria» dena. Paraje hauetara etorrita lana erruz izango luke!! Aurreiritziz beteta gaude, eta post-iritziz mukuru: aspaldi ez nuen halako sorgin-ehizarik ezagutu. Begiraleei (bereziki batzuei, animo Aner!!) esandakoak bizkarrezurra zurruntzekoak dira. Zenbat gorroto hain karaktere gutxitan!
Ohi bezala, auzi honetan, auziperatzeekin, arautze aldarrikapenekin, espantu erreakzioekin... heziketa-ereduez jardun beharrean, murrizketez eta erregulazioez jardungo dugu. Eta galtzaile, nork baino nork ozenago aldarrikatzen duena: libertatea.