Goizeko sei eta erdiak, Martin Uztaritzeko apartamentuan iratzarri da. Lehen kafea edatearekin telebista piztu du: Cnews, informazioa etengabean ematen duen frantses katea. «Rassemblement National alderdiak bere sartze politikoa egin du. Marine Le Penek eta Jordan Bardellak hitza hartu dute. Le Penek Frantziako Estatuko ezker 'muturrari' zuzendu dio bere hitzen zati handia, 'inauteriko guevarista faltsuak' eta 'burges kaputxadunak' izendatuz. Bardellak ikus-entzunezko publikoen gastuak azpimarratu ditu, esanez: 'Urtero, Frantzian, lau miliar euro janak zaizkigu hedabide publikoengandik'; pribatizatuko dituztela gehitu dute». Martin komunera doa lanerako bidea hartu aitzin.
06:38, Elea, Donibane Garazi. Iratzargailuak berriz jo du, behin, eta jaiki da. Pisukidea sukaldean duela Ici Pays Basque irratiaren soinu saturatua entzun du: «Egungo meteoa, udazken eta sartze girokoa, Jean Philippe?». «Bai, hala dugu, Maider; ez dugu uste klima aldaketaren eraginik den, baina sartzearekin batera arbolen hostoak horitu gabe erori zaizkigu: goiz honetan 7 gradu Bastidan, 9,5 Angelun eta 8 Donapaleun. Euri tanta batzuk izan daitezke egunean zehar; tenperatura gorenek ez dute 18 gradu gaindituko». Elea dutxara joan da eta mainugelan mugikor bidezko musika jarri du. Olaia Intziarte kantaria, Astelehenetan kantuarekin.
07:00ak hurbiltzen ari direnean, Filipek Baionako kioskoen itzulia egina du jadanik. Bertan eguneko prentsari so bat eman dio; gehienetan, Sud Ouest egunkariaren azalari behako bat ematen dio, erosi aitzin. Erraza da. Prentsa saltegiaren aitzinean titulu nagusia pankarta baten gainean idatzia da. Frantziako berri ematen du egunkariak. Joan den astean «Bayrou lehen ministroaren hondatzea» aipagai zelarik, egun «gasolinaren betea egitea mingarria» dela titulatu dute. Hala ere, noiztenka, BERRIA egunkaria besapean ateratzen da. Ez dio kasu handirik egiten azalari; beharko du denbora gehiago irakurtzeko. Gehienetan, ostiralekoa erosten du, Hitza baita barnean Ipar Euskal Herriko berriekin. Aldi honetan, ikusi du Saioa Alkaizak uko egin diola Igartza sariari (10.000 euro!), CAF enpresak harremanak dituelako Israelgo Estatuarekin. Jadanik entzuna zuen emazte izen hori; ez dezake erran, non edo zertan. Hizkuntza badaki, bai, baina ez da alfabetatua. Beraz, egunkariko informazioen irakurtzea ariketa bihurtu da.
Ber momentuan Martinek lanera joateko autoa hartu du. Bikoteak utzi katean piztu zaio: Gure Irratia; «segitzen dugu Goiz Berri saioa gure gomitarekin: Pantxoa Bimboire; egun on». Beste frekuentziak pasatzen ditu: kantu bat EITBn, eguraldia Ici Pays Basquen, «ze aro duzu Monique Ainhoan egun?», eta berri zonbait: «Baionako taldeak doi-doia irabazi du bere zelaian, Maider Arostegi Miarritzeko auzapezak Estatu Batuetarako bidaia pagarazi zion herriko etxeari eta TER tokiko trenak autobusekin ordezkatuak izanen dira Baionatik Donibane Garazira arte». France Culture: «Ez dugu genozidio hitza erabiltzen ahal». France inter: «Frantziako lehen ministro berriak, Sebastien Lecornuk, eskua luzatzen dio ezkerrari bi jai egunak mantenduz». Gure irratira itzuli da Martin: «Hiru atxilotu joan den asteko manifestaldien kari, Baionan; aste honetan epaituak izanen dira. 'Urera salto egin zuela polizia saihesteko', hala dio Baionako Aturri ibaian erreskatatua izan den manifestalariak». «Frantses Estatuak 30.000 euro kenduko dizkio Euskal Kultur Erakundeari, eta Uztaritzen mobilizatu dira». Iritsi da. Motorra itzali du lantegira sartzeko, Dassault militar hegazkin enpresako xeila handia pasatu du.
Don’t stop talking about Palestine.